Imanol Segura amurrioarra da Arabako xake txapeldun berria

Aitor Aspuru Saez 2018ko aza. 30a, 08:50
Imanol Segura sari banaketan. / Arabako Xake Federazioa

Asteburuan erdietsi zuen lehen postua amurrioarrak. Erlantz Miguelez laudioarra, ordea, 3. postuan geratu zen.

Imanol Segurak lortu zuen Arabako Xake Txapelketako garaipena larunbatean Gasteizen. 7 astez lehiatu da proba hiriburuan eta asteburu bakoitzean partida bakarra jokatzen zuten kirolariek. 41 zaletuk parte hartu dute txapelketan.

Imanol Segurak adierazi du: "Gustura nago egindako txapelketarekin. Iaz ez zen posible izan, baina aurten gogoz ekin diot hasieratik eta txapela janztea lortu dut".

Xakeari buruz galdetuta, txapeldun berriak azaldu du: "betidanik izan dut gustuko xakea eta horregatik jokatzen dut, baina esan beharra dago buru argitasun eta arintasun mentala lantzeko tresna interesgarria iruditzen zaidala. Horretan antza dauka bertsolaritzarekin".

Amurrioarrak uste du xake zaletasuna zabaltzea zaila dela, joko teknologikoekin lehiatu behar baita. Hala eta guztiz ere, itxaropena ez du galtzen: "Geroz eta arraroagoa bada ere, noizbehinka tabernaren batean jendea xakean jokatzen ikusi izan dut, beren kafe edota garagardoekin. Poz handia hartzen dut halakoetan, oro har, sakelakoari itsatsita egoten baikara, gehiegitxo, nire ustez".

Erlantz Miguelez 3. sailkatua
Aiaraldeko beste xake jokalari bat kokatu da Arabako Txapelketaren lehenengoen artean. Zehazki, Erlantz Miguelez laudioarrak 3. postua erdietsi zuen.

Miguielez herriko xake elkartean aritzen da eta gazteak trebatzen ditu. Izan ere, taldeak Kultura Etxean saioak egiten ditu ostiraletan 18:00etan eta larunbatetan 11:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide