Auzolanak eta tailerrak egingo dituzte Espainiako Konstituzioaren Egunaren aurka

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abe. 5a, 07:00

Auzolanak antolatuko ditu Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanbladak. / Txondor Gaztetxea

Hainbat ekimen egingo dituzte Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanblada, Ikasle Abertzaleak eta Ikasleok Zorrotz eragileek, bakoitza bere aldetik.

Ekimen ugari egingo dituzte bihar -abenduak 6- Aiaraldean Espainiako Konstituzioaren Egunaren aurka. Auzolanak egingo dituzte Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanbladako kideek. 9:30ean batuko dira Txondor Gaztetxean. “Herriko gazteok erakutsi nahi dugu espainiar konstituzioa ez dela gurea eta beraz guk ez dugula jai egun hau ospatuko”, adierazi dute.  Ez dira lanean aritzera mugatuko. Bazkaria egingo dute 14:30ean eta dokumentala proiektatuko dute gero, 17:00etan.

Herri Eskolak Amurrion
Aiaraldeko Ikasleok Zorrotz taldeak Herri Eskolak egingo ditu Amurrioko Zaraobe Institutuan.  “Konstituzio egunaren aurrean intsumisio eguna antolatu dugu, ikasleok ez dugulako ezer ospatzeko”, argitu dute, “78ko erregimenaren konstituzio horrek 40 urte betetzen ditu ostegunean eta horren aurrean Zaraobeko ateak irekitzea erabaki dugu, klasera joan nahi duen pertsona orok aukera hori izan dezan”.

Hainbat jarduera egingo dituzte bertan: gosaria, ezagutza jolasak, antzerki tailerra... “Klase egun arrunt baten programaziotik at geratzen diren ekintzak” prestatu dituzte, “ikasleongandik eta ikasleontzat diseinatutako alternatiba proposatzea” baita euren helburua: “Gure nahi eta beharrak kontuan hartuz, hala nola, sormena eta ikasleon arteko harremanen garapena”.

Egitaraua ixteko, trena hartuko dute Bilbon egingo den Euskal Errepublikaren aldeko mobilizaziora joateko. “Herritar zein ikasleon eskubide eta askatasunak bermatzeko Euskal Herri aske, burujabe, duin, justu eta feminista bat behar dugu”, aldarrikatu dute eragileko kideek.

Auzolanak Laudioko Gune Askean
Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak antolakundeak, aldiz, auzolanak antolatu ditu Laudioko Gune Askea espazioa atontzeko.

Udaberrian okupatu zuen gazte talde batek Lamuza Parkean dagoen gela hori, ikasgela bat atontzeko helburuarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide