Urteko azken egunera arte egongo da kirolaz gozatzeko aukera eskualdean

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko abe. 12a, 10:47
San Silvestre duatloia izango da urteko azken zitetako bat. / Aiaraldea.eus

Ohitura bilakatu da urtea kirola egiten agurtzea. Hurrengo asteetan ugariak izango dira ohitura horri heltzeko Aiaraldean egongo diren zitak.

Mendi taldeek hamaika ekintza antolatu dituzte 2018a gailurretatik agurtzeko. Lehenengo zita Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak antolaturiko irteera izango da, Montejurrara. Abenduaren 15ean joango dira Nafarroako mendi horretara eta 3 orduko ibilbide baten ostean Arabar Errioxako upategi bat bisitatuko dute. Izen emateak 50 euroko kostua izango du bazkideentzat eta Mendiko Lagunak taldearen egoitzan egin ahalko da.

Txarlazo Mendi taldeak ere mendi irteera eta bazkaria antolatuko ditu egun berdinerako. Urduñarrak 9:30ean abiatuko dira Foru Plazatik eta eguerdian hiriko Peña La Barkaren txokoan bazkalduko dute.

Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta mendi taldeak abenduaren 16an agurtuko du urtea. 9:00etan orientazio froga herrikoia abiatuko dute Arrankudiagako plazatik. 12:30ean bilera orokorra deitu dute urteko balorazioa egiteko, eta 14:00etan herri bazkaria egingo dute.

Elkartasuna plazatik gailurrera
Urtero bezala, Babiora igoera antolatuko du Amurrio Trail taldeak abenduaren 24rako. Bertan Montes Solidarios taldeko kideekin batera aniztasun funtzionala duten mendizaleak Babio mendiko gailurrera lagunduko dituzte. Ekimen jendetsu horren atarian egingo dute “Babio NON STOP” ekimena, hilaren 23an. Bertan, arratsaldeko seietatik aurrera Babiora jendea etengabe igotzen egotea da helburua, azken igoera abenduaren 24koa izanik. Bildutako dirua ataxia telangiektasia gaitza duen jendea laguntzeko bideratuko dute. Ekimenaren antolatzaileen aburuz,  “urtea ametsak betetzen eta familia artean bukatzeko aitzakia bikaina da” Babio igoera.

Amurrioko I. krossa
Abenduaren 23an beste kirol zita garrantzitsu bat antolatuko dute Amurrion Oinkariak atletismo taldeko kideek: Amurrioko I. Krosa. Goizeko hamarretan abiatuko da lehenengo kategoria Refor kirol guneko zirkuituan barrena eta eguerdira arte luzatuko dira lasterketak.

Adin guztientzako saskibaloia
Urduñako Bedarbide Saskibaloi Taldeak, urtero bezala, saskibaloi ekintzak antolatuko ditu urte amaierarekin batera, abenduaren 26tik eta 28ra. Kirola gazteenei hurbiltzea izango da helburua.

Abenduaren 28an Urduñako Bedarbide eta Laudioko Sugarrak taldeen arteko norgehiagokek hartuko dute Urduñako Jai Alai frontoia. 17:00etan bi taldeetako kideekin osatutako talde mistoak arituko dira buruz buru eta 19:00etan talde seniorrak lehiatuko dira.

Herriaren Txapelketa
Abenduko ostiral guztietan Herriaren txapelketaren norgehiagokak jokatuko dira Aretako Frontoian. Euskadiko Federazioaren 4 t’erdiko txapelketaz gain, senior eta promesa kategorietako eskuz binakako partidak ere jokatuko dira.

Gabonzahar eguna
Abenduaren 31an ere kirol zitarik ez da faltako. Txarlazo Mendi taldeak urteko azken igoera antolatuko du izen bereko mendira. Martxa 9:30ean abiatuko da Foru Plazatik. Toki berdinetik abiatuko da ohiko San Silvestre lasterketa, 18:30ean.

Orozkon ere San Silvestre duatloia antolatuko dute. Aurtengoa XXVI. edizioa izango da. Mozorrotutako kirolariek Orozkoko kaleak hartuko dituzte beste behin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide