Abian da Aiaraldeko Erakusleiho Lehiaketaren V. edizioa

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko abe. 13a, 07:00

Eskualdeko 46 komertziok parte hartuko dute Aiaraldeko lehiaketan. / Aiaraldea.eus

Gabonetako sasoiarekin batera heldu dira erakusleiho lehiaketak eskualdera. Aiaraldeko norgehiagokara 46 establezimendu aurkeztu dira. Laudion, Amurrion, Okondon eta Artziniegan ere egingo dituzte herrietako lehiaketak.

Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioak (AEKO) Aiaraldeko Erakusleihoen V. Lehiaketa antolatu berri du. Laudio, Okondo, Artziniega eta Amurrioko 46 establezimenduetako eskaparateek parte hartuko dute txapelketan.

Erakusleihoak apaintzeko gaia librea izango da eta komertzioan ohikoan saltzen diren produktuak agertu beharko dira derrigorrean. Eskaparateetan adituak diren hiru pertsonek osatutako epaimahai tekniko batek baloratuko ditu partehartzaileen lanak. Originaltasuna, kolorea, argiztatzea, sormena eta produktuaren ikusgarritasuna baloratuko dituzte.

Hiru sari egongo dira lehenengo hiru postuetan geratuko diren establezimenduentzako, 700, 300 eta 150 eurokoak, hurrenez hurren. Aiara eta Okondoko eskaparate onenek trofeo bana izango dute gainera. Arabako merkatarien federazioak (AENKOMER) 150 euroko azken sari bat jarriko du, eskaparate deigarrienarentzako.

Sari banaketa abenduaren 19an egingo dute, Okondon. AEKOk eskualdeko herritar orori luzatu die erakusleihoak bisitatzeko gonbitea.

Herrietako lehiaketak
Amurrion, Artziniegan eta Laudion erakusleiho lehiaketak egingo dituzte baita ere. Horien sari banaketa Aiaraldeko erakusleiho lehiaketaren sari banaketaren barruan egingo dute, abenduaren 19an Okondon.

Laudioko lehiaketak 25 urte
APILL elkarteak antolatutako Laudioko lehiaketak 25. edizioa ospatuko du aurten. Guztira 21 eskaparatek parte hartuko dute. Epaimahai tekniko batez gain, herritarrek ere izango dute irabazlea bozkatzeko aukera abenduaren 16ra arte. Aurten, berritasun bezala, kategoria berri bat ireki dute antolatzaileek udalaren laguntzarekin, eskaparateetan euskarak duen integrazioa saritzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide