Musikari ugarik osatzen duzue Suaia eta Ama Rebel proiektua. Nola batu zineten?
Markel (Dja), Ion (Bateria), Likkle Iortx (Teklak) eta Urru (Baxua) elkarrekin egon ziren “Early Reflections” reggae talde mitikoan. Mitikoa diot, hainbat kontzertu zoragarri eta zoro eman ostean, grabaketa ofizialik egin gabe desagertu zirelako, zaleek kontzertuetan hartutako poza arrasto bakar gisa utzita.
Orain dela bi urte reggae inguruan zer edo zer egiten jarraitzeko gogoa izan zuten. Nik (Teje, kitarra) berriro euskaraz zerbait egiteko gogoa nuen, eta Urruk esanda hasi nintzen haiekin. Charles Thunderclap (teklak) ere gurekin egon zen hasiera haietan. Urte erdiz elkarrekin jotzen egon ondoren, Suaiak (ahotsa), ordura arte emanaldiak DJ baten laguntzaz ematen zituena, fitxatu gintuen, banda baten laguntzaz jo nahi baitzuen berriro. Koma (teklak) Charlesen ordez sartu zen orain dela urtebete.
Proiektuak bi zati dituela esan daiteke: Suaia eta Ama Rebel. Zein da bi zatien arteko lotura?
Suaiak fitxatu gintuen eta bere kantak dira errepertorioaren oinarria. Hortaz, Suaiak egiten ditu letrak eta melodiak, eta guri aurkezten dizkigu armonia eta erritmo erraz batez lagunduak. Guztion artean zehazten dugu kanta bakoitzaren estiloa, musika tresna bakoitzarentzako konponketak egiten ditugu eta ziurtatzen dugu mundu guztia kanta entzunda dantza egitea beste erremediorik ez izatea. Suaiaren aurreko mixtapeko kanta batzuk ere egiten ditugu, gure estilora moldatuta.
Nolakoa da abestien sortze prozesua?
Suaiak ez du drogarik hartzen, beraz ezin dut imajinatu ere egin zer pasatzen zaion burutik kanta itzel horiek sortzeko. Argi dago gizartearen problemekiko sentiberatasun berezia duela, eta inspirazio iturri hori baduela, baina buru txiki horren barruan zer gertatzen den misterio handia da...
Diskoa plazaratu berri duzue. Zer nolako diskoa da? Aldaketarik dauka orain arte jotzen aritu zaretenarekiko?
Diskoa reggae disko dotorea da. Lone Ark Studioko Roberto Sanchez produktorearen aginduetara jarri gara, eta bere lan guztiei darien reggae klasiko ukitua eman die kantei. Emaitzarekin oso gustura geratu gara, soinu ederra du eta kantek benetan hartu dute sakontasun bat, heldutasun bat. Zuzenekoetan egiten dugunarekin alderatuta, abestirik lasaitxoenak eta reggae klasikoenak sartu ditugu diskoan. Zuzenekoetan salto eta dantza egiten dugu, ez dugu hainbesteko reggae klasikoa egiten, raggamuffin eta steppa gehiago sartzen dugu. Abestiak, oro har, azkarrago eta basatiago egiten ditugu.
Diskoa plazaratuta zer pauso emango dituzue? Baduzue beste proiekturik esku artean?
Durangoko azokan saldu eta saldu aritu ostean, gure lehentasuna orain zera da: zuzenekoen bidez diskoa aurkeztu eta jendea saltoka jartzen jarraitzea. Hainbat emanaldi lotuta ditugu horretarako Gipuzkoa eta Bizkaian, baina lehenengoa eta kristoren ilusioa egiten diguna Amurrioko Burubio elkartean urtarrilaren 11an emango duguna da, Ziztada&RLantz eta Aiaraldeko Sound Systemekin batera. Dantza gau itzela izango da! Etorri!