[URTEARI SO] Zurrunbiloak ez du etenik izan 2018an esparru sozioekonomikoan eskualdean

Aitor Aspuru Saez 2018ko abe. 27a, 07:02

Orozkon bi langile hil ziren istripu baten ondorioz.

2018. urtea gorabeheratsua izan da eskualdean. Gatazka handiak ez badira egon ere, ezegonkortasunak eta ezjakintasunak itzal ilunak proiektatu dituzte zenbait lantegitan, bereziki Tubos Reunidosen eta Tubacex Taylorren, Artziniegan. Horrez gain, pentsiodunen mobilizazioek ez dute etenik izan. Gainera, 3 langile hil dira istriputan eta beste bat amiantoaren ondorioz.

Aiaraldeko errealitate sozioekonomikoan aldagai argiak egon dira 2018an: erretiratuen mobilizazioak, enpresa nagusien gorabeherak eta lan istripuak.

Hasteko, nabarmendu beharra dago dago eskualdeko pentsiodunek protagonismo handia izan dutela euren aldarrikapenek oihartzun handia lortu dutelako Hego Euskal Herri osoan zein Estatu Espainiarrean. Besteak beste, astelehenero eguerdian ateratzen dira kalera pentsio duinak exijitzeko eta mobilizazio nagusiak antolatu dituzte Amurrion edo Laudion.

Horrez gain, Bilbon manifestazio jendetsuak deitu direnean, hainbat lagun atera dira Aiaraldetik hiriburuko espaloiak betetzera. Hala ere, nabarmendu behar da mugimendua ez dela egun batetik bestera sortu. Berez, pentsiodunak duela urte nahiko hasi ziren jendarteratzen pentsioak igotzeko premia eta lehenengo mobilizazioak Laudioko anbulatorio aurrean gauzatu zituzten.

Enpresa handien artean zurrunbiloan sartuta dago Tubos Reunidos. Amurrioko faktorian ehunka lagun aritzen dira eta eskualdeko ardatz ekonomiko garrantzitsua osatzen dute. Edonola ere, albiste on gutxi ekarri du Tubos Reunidosek 2018an. Martxoan mobilizazioak egin zituzten talde bereko Trapagako Productos Tubulares lantegian ehunka behargin kaleratu nahi zituztelako. Azkenean egitasmoa bertan behera geratu bazen ere, taldean ezegonkortasunak jarraitu du.

Izan ere, urrian Tubos Reunidosek jakinarazi zuen enplegu erregulazio-espedientea 2020. urtera arte luzatuko zuela. Handik gutxira Guillermo Ulaciak zuzendaritza utzi zuen eta ordezkari berriek hartu zuten lekukoa. Horrek ez zuen ekidin enpresen akzioek balioa galtzea. Momentuz, badirudi taldearen ibilbidea aldatzeko neurriak hartu behar dituztela, aintzat hartuta Donald Trumpek ezarritako zergek eragina dutela bere jarduera ekonomikoan. Sindikatuek behin eta berriro gogoratu dute akziodunen artean banatutako mozkinen ondorioa dela egungo egoera eta zorra eta galerak. Berez, Condesa enpresa balizko erosketarako erabili behar zen 170 milioi euroko kreditua etekin moduan banatu zuten akziodunek.

Eskualdeko beste funtsezko enpresak, Tubacexek, lan hitzarmena sinatu du sindikatuen talken artean 2018an, Amurrio eta Laudioko lantegiei dagokienez. Berez, hasieran ordezkari gehien dituzten sindikatuen akordioari uko egin zioten langileek, baina geroago aurrera egin zuen proposamenak. Aldiz, Artziniegako Tubacex Taylor faktoriako etorkizuna kolokan dago. Euren egoera azaltzeko Arabako Batzar Nagusietan egon ziren langileak urte amaieran.

Bukatzeko, beharginen osasunak puntu beltz handia suposatu du urte osoan. Alde batetik, Orozkoko harrobian lanean ari ziren bi lagun hil ziren maiatzaren bukaeran gertatutako istripuaren ondorioz, Makina hondeatzaile bat pala gainean erori ostean. Bestetik, Laudioko kamioi gidari bat ere hil zen abuztuan Urdulizen izandako istripuagatik. Ezbeharrak ez dira hor amaitu; urriaren 2an Jose Luis Landeta Guardian enpresako langile ohia hil zen. Senideek eta sindikatuek salatu zuten amiantoarekin harremanean egon eta gero gaixotu zela eta horrek akabatu zuela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide