Urtarrilaren 19an, otsailaren 9an eta martxoaren 16an izango dira hezkuntza ez-formaleko jardunaldiak. Aiaraldea Ekintzen Faktoriako hezkuntza lantaldeak prestatu ditu. Kokoriko izena aukeratu dute hezkuntzaren faktoria sortzeko, urtebete egituraketan eman ondoren. "Urte osoko lanaren emaitza da Kokoriko", azaldu du Aritz Lili Lekandak,
Hekuntza jardunaldiak izango dituzte hurrengo erronka. Saio guztiak larunbatetan izango dira; lehenengo biak goiz eta arratsaldez: 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta azkena -martxokoa- goizez baino ez. Tailerrak egiteko herriak partaideen arabera aukeratuko dira, baina eskualdean izango direla aurreratu dute. Ikastaroaren prezioa 50 eurokoa izango da.
Hezkuntza ez-formalean aritzeko tailer sorta anitza
Adierazi dutenez, metodologia parte hartzailea izango du prestakuntzak, bizi esperientzietan oinarrituko dira, teoria eta praktika uztartuta. "Hezkuntza ez formalean lan egin nahi duten hezitzaileentzako formakuntza saioak izango dira".
Hala, urtarrilaren 19an, "Balioen hezkuntza eta jolas autonomoa" izango dute hizpide goizean, eta arratsaldean "Bidelagunen rola". Otsailaren 9an, berriz, "Euskara hezkuntza ez formalean lantzen, euskal jolasak" izango da goizeko gaia, arratsaldekoa "Gune aske eta hezitzaileak eta materialak".
Martxoaren 16rako, berriz, "Bidelagunen ardurak proiektu hezitzaileetan" aztertuko dituzte.
Izena emateko mezua bidali behar da hezkuntza@aiaraldea.eus helbidera, edota 693 855 312 zenbakira deitu.
Kokoriko Hezkuntza Faktoria
Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren hezkuntza ildoak antolatu du formazio sorta. Proiektuak "Kokoriko hezkuntza Faktoria" izena hartuko du, eta formalki jendaurrean urtarrilaren 11an aurkeztuko bada ere, urtebete luze aritu da lanean. Besteak beste, udalekuak, hiri koloniak, Arimen Gauaren inguruko ikastetxeetarako dosierra eta beste hainbat lan egin ondotik dator proiektuaren aurkezpena.
Hezitzaile eta bidelagunentzako formazio eskaintza honetaz gain, "Hezkuntza jardunaldi irekiak" ere prestatzen ari dira Kokorikoko kideak otsailerako. Ekimen berri honen xehetasunak urtarrilaren 11ko aurkezpenean emango dituzte aditzera.