[IRITZIA] Gabonetako ospakizunekin helarazten diren mezuak

Erredakzioa 2018ko abe. 30a, 09:55

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Familia Eskolak gabonen inguruko iritzi artikulua plazaratu du.

Berezia da negua eta berezia dira Gabonak. Gabonetan neguko solstizioa ospatu egiten dugu. Betidanik ospatu izan dugun garaia da. Neguko solstizioa egunik laburrena izaten da eta hortik aurrera, egunak lekua irabazten dio gau hotzari. Mundu honetan gure aurretik zeudenak, ondo baino hobeto zekiten garai hau berezia zela eta horregatik ospatu egiten zuten.

Beraz, Gabonen ospakizunak erlijioetatik oso aldenduak egon diren ospakizunak dira.

Gurean jai egun berezi hauetan, Olentzero eta Mari Domingi ditugu. Beraiek negua ekartzen digute gurera eta horrekin batera egunen luzapena. Baina pertsonai hauen inguruan galdera ugari etortzen zaizkigu burura. Testu honekin galdera hauen inguruan hausnartzera gonbidatzen zaituztet;

Burura etortzen zaidan lehenengo galdera, errespetuzko zaintza batez hitz egiten dugula, haur eta gaztea erdigunean jartzeaz... Baina Gabonak heltzen dira eta haurrak gezur kolektibo batean murgiltzen ditugu. Haurrei esaten diegu, gizon zuri mozkorti bat, gure etxeetara sartu egiten dela opariak uztera. Gabonen aldeko ilusioa ezin dugu gezur hauetatik kanpo eragin? Beharrezkoa da esatea pertsonai magiko batek opariak ekartzen dizkigula? Onurarik ekartzen al dio haurrari horrelako gezur bat esateak?

Gainera, askotan mehatxuak erabiltzen ditugu haur eta gazteekin, “ondo portatu Olentzero ikusten dago eta”, “Olentzerok ikatza ekarriko dizu”...

Mehatxuekin, sariekin eta zigorrekin ezer gutxi lortuko dugula uste dut, ezinbestekoa delako limiteak - mugak ondo jartzea.

Burura datorkidan beste galdera bat, Olentzerok ezinbestean gizona izan behar du? Eta beharrezkoa du ondoan emakume bat? Askotan laguntzaile paper sekundarioa ematen zaiona? Olentzerok ezin du herri batean gona izan eta beste batean prakak? Olentzerok herri baten txanoa izan eta bestean Kapela?

Emakumeen presentzia espazio publikoetan ezinbestekoa da, baina ez al da posible Olentzerori bere gizontasuna kentzea eta emakume bihurtzea? Ez al da eraginkorragoa emakumeak hartzea erdigunea, emakume ikazkin bat, langilea?

Galderak, galdera dira eta erantzunak norberak topatu beharko ditu. Baina hausnartu dezagun haur eta gazteen hazkuntzaz. Hausnartu dezagun gure haur eta gazteentzako zein den sortu nahi dugun jendartea, gure aukeraketetan asko daukagulako egiteko, jendarte feminista edo matxista, egiazkoa edo gezurretakoa, errespetuan oinarritua edo konpetitibitatean, kontsumismoan edo bestelako erosketa ereduetan, mehatxuetan edo limite kontzienteetan, zigorretan edo egoeraren araberako ondorioetan...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide