“Asmoen akordioa” sinatu du Tubacex enpresak Indiako Mishra Dhatu Nigam Limited (Midhani) enpresarekin, herrialde horretako hazkunde energetikorako plana garatzeko.
Midhanik altzairu bereziak ekoizten ditu. Gauzak hala, sektore energetikorako materialen ekoizpen eta garapena ahalbidetuko luke bi konpainien arteko itunak, eta Tubacexek Indian duen posizioa hobetuko luke, Jesus Esmorisen hitzetan. “Badirudi India munduko liderra bilakatu daitekeela energia nuklearraren ekoizpenean”, nabarmendu du Tubacexeko kontseilari delegatuak.
Bi enpresek sinatu duten akordioaren arabera, Indian elkarrekin aritzeko dituzten aukerak aztertuko dituzte. Multinazionalak hainbat azpiegitura ditu Indian: lantegia, bulego komertziala eta biltegia. Prakash Steelage konpainia indiarra erosi zuen Tubacexek 2015ean, herrialdean duen eragina zabaltzeari begira.