“Argazkilari familia bateko laugarren belaunaldia naiz ni”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 17a, 13:47

Geneetan du JOSE JULIAN MONTES MONTEROk (Laudio, 1954) irudiarekiko pasioa. Argazkilari familia baten laugarren belaunaldia da, eta urte askoko eskarmentua du argazki-kazetari gisa.

Argazkilari familia bateko kidea izanda, irudiarekiko zaletasuna gaztetatik izango zenuen.

Nire aitak estudioko eta laborategiko lanak egiten zituen batez ere, eta baita ezkontzak ere. Nik ez nuen ezkontzetan argazkiak ateratzea bat ere gogoko (barreak). El Correon hasi nintzen lanean zuzenean, nahiko berandu, 30 urte inguru nituela.

Hala ere, 14 urterekin argitaratu nuen nire lehenbiziko argazkia egunkari horretan, entzierro batena zen, oker ez banago.

Nire lehen argazki garrantzitsuak Aceros de Llodio enpresako gatazkaren testuinguruan egin nituen. Hori baino lehen jaietako argazkiak publikatu nituen, batez ere. Bazegoen bat asko zabaldu zena, El Correoko azala izan zen. Laudioko Jaietan Herri Batasunako zinegotzi batek arrautzkada jaso zuen, eta nik unea harrapatu nuen. Hala ere, argi zegoen arrautza garai hartan alkate zenari -Toño Aiz- bideratua zegoela.

 

“Nire aitaren gurasoak argazkilariak ziren eta bere aitona ere”

 

Urte batzuk beranduago egunkariko kideek Gasteizera lan egiteko gonbita luzatu zidaten. Nire aita ere egon zen El Correon lanean, jaietako gehigarriak egiten, batez ere.

Beste garai batzuk ziren bereak: orduak igaro behar zituen laborategian kalean ateratako argazkiak prozesatzen, eta oso erritmo azkarrean burutu behar zuen. Ez zuen denbora asko, lau seme-alaba baitzituen. Horregatik pasa zen kaleko argazkiak egitetik ezkontzen argazkiak egitera, diruak agintzen zuelako.

Ama ere berarekin lan egiten hasi zen, argazkiei ukituak ematen. Ona zen lan hori egiten. Ni hortik ibiltzen nintzen, bueltaka.

Argazkiak txuri beltzean ziren hasieran. Koloreko argazkiak egitea sekulako kalapita zen. Makina batzuk baliatu behar zenituen koloreen tenperaturak kalkulatzeko, eta probak egin. Aitak ordu asko igaro behar zituen laborategian, eta kostata, ondo moldatzen zen.

Belaunaldiz belaunaldi transmititu da argazkilaritza zure familian.

Hala da. Nire aitaren gurasoak argazkilariak ziren eta bere aitona ere. Nire amonaren aita argazkilaria zen, eta nire aitona bere bidez batu zen ofiziora. Nik uste dut laugarren edo bosgarren belaunaldia naizela. Nire aitaren aitona Frantzian egon zen, lehenbiziko argazkilarietatik ikasten.

Zure familia argazkilaritzaren hastapenetatik egon da mundu horretan sartuta, beraz.

Ez dakit, agian gehiegi esatea da, baina bertan egon ginela esan daiteke. Nire oinordekoek eguzkiaren argia baliatzen zuten argazkia errebelatzeko.

Torrelavegakoak ziren, eta karreta batean aritzen ziren gora eta behera. Nire aita ere Espainiar Estatuko hainbat txokotan aritu zen postalak egiten, pertsona batek kontratatuta.

Zure aitak denda bat ere ireki zuen.

Don Feliciano Chasco apaizaren ideia izan zen hori. Berak utzi zigun lonja. Aitak gogoko zuen herrian ateratako argazkiak erakusleihoan jartzea.

 

“Nire lehen argazki garrantzitsuak Aceros de Llodio enpresako gatazkaren testuinguruan egin nituen”



Argazkilaritza digitaleranzko saltoa bete-betean bizi izan duzu.

Nire aitak ez zuen argazkilaritza digitala ezagutu, nik bai ordea. Kamara digitala erosi behar izan nuen, dirutza jarrita. Aurrerapausoa ekarri zuen digitalizazioak, baina lehen kamarak oso oinarrizkoak ziren, itxaron egin behar zenuen argazkia ikusteko, eta ez zeneukan itxaroteko denborarik (barreak).

Gasteizen prentsaurrekoetako eta kaleko argazkiak egiten nituen. Iristeko zailak ziren tokietara igo behar nintzen batzuetan. Milurteko berriaren hasierarekin hasi nintzen hirian lanean eta duela sei urtera arte egon naiz.

Bertan egoteak argazkilari asko ezagutzeko parada eman zidan, eta harrera beroa egin zidaten. Argazkilaritzaren ikuspuntu berria garatu nuen bertan.

Laudioren historiaren zati handia bizi izan duzu argazkilaritzaren bidez.

Nire koinatua -Pedro Egiluz- eta nire arrebak -Lola Montes- liburu bat plazaratu zuten aitaren argazkiekin, "Imágenes para la memoria" izenekoa. Laudioko antzinako argazki asko agertzen dira bertan. Inpaktu handia eragin zuen argitalpen hark Laudion.

Zertan zabiltza orain?

Bideoa da gehien egiten ari naizena. Proiektu bat dut esku artean. Glitch Artists Colective izeneko Facebook orrian argitaratzen ditut lanak. Gasteizen argazki erakusketaren bat egin izan dut, eta badut bideoekin ere zerbait egiteko asmoa.

Zure aitaren garaian gutxi batzuek zuten argazkiak egiteko aukera. Gaur egun, aldiz, irudiaren munduan bizi garela esan daiteke.

Bai, horrek baditu alde ona eta txarrak. Gazteei erakutsi behar zaie argazkilaritza ona izan daitekeela, eta horretan indarra jarri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide