Martxoaren 1etik aurrera hasiko da funtzionatzen zaborrak jasotzeko Aiarako Kuadrillak kontratatu duen zerbitzu berria. Cespa enpresak eskainiko du hurrengo lau urteetan, 4,6 milioi euroren truke.
Azaldu dutenez, hainbat hobekuntza egongo dira: edukiontzien sarbidea kontrolatzeko esperientzia pilotua jarriko dute abian eta gune gehiago atonduko dituzte pilak, inprimagailuen tonerrak eta gailu elektroniko txikiak jasotzeko.
346 edukiontzi berri
Horrez gain, 346 edukiontzi berri erostea onartu dute Kuadrillaren bilkuran, aho batez. 252.000 euro baliatuko dituzte horretarako. BBVArekin akordioa sinatuko dute horretarako, ontziak “leasing” sistema (erosketa eskubidedun alokairua) erabilita lortzeko.
Edukiontzi horietako 68k 2.200 litroko edukiera izango dute eta organikoa jasotzera bideratuko dira. Beste 278 ontziak jasotzera bideratuko dira, Kuadrillak bere gain hartuko baitu martxoaren 1etik aurrera hondakin horiek biltzeko ardura. Orain arte Enviser enpresak egiten zuen lan hori, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker.