Eskiatzeko 5 irteera antolatu dituzte mendi taldeek datozen asteetarako

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 21a, 07:01
Aiaraldear ugarik dute eskiatzera joateko ohitura. / Xabi Zalbide

Elur nahikorik ez badago ere, neguko jarduerez gozatzeko eskaintza zabala egongo da eskualdean otsailean zehar.

Aiaraldeko mendi taldeek ekin diote neguko kirolen eskaintzari. Eskiatzera joateko aukera ugari egongo dira datozen asteetan eskualdean. Berbalagunek, Mendiko Lagunakek, Elur taldeak eta Matxinkortak iragarri dituzte txangoak dagoeneko.

Mendiko Lagunak Amurrioko taldeak Alto Campoora joko du otsailaren 9an, "kranpoien inguruko ikastaroa egiteko”. Otsailaren 23an eta 24an, berriz, Candanchura hurbilduko dira, alpinismo eta mendiko eski ikastaroak jasotzera. “Neguko zeharkaldia martxoaren 9an egingo dugu Castro Valneran”, aurreratu dute. 

Amurrioko Elur taldeak, bestalde, urtarrilean gauzatuko du urteko lehenbiziko irteera. Peyragudeseko estaziora joko dute hilaren 25etik 27ra. Ohi bezala, Amurrioko Telefonicatik aterako da autobusa, eta Bilbon jasoko ditu gainontzeko partaideak. 144 euroren truke bidaia, 2 eguneko aterpetxea eta forfaita edukiko dute. “Bazkidea ez bazara 5€ gehitu behar zaizkio prezioari, eta federatuta ez bazaude 15€”. Abenduan Cerlerren izan ziren amurrioarrak.

Gurasolagunak, Valdezcarayra
Aiaraldeko Berbalagunek, aldiz, otsailaren 16a aukeratu dute Valdezcarayra bertaratzeko. Iaz ere egin zuten irteera, “Gurasolagun” dinamikaren baitan. Eskualdeko ibilaldia izaki, autobusak hainbat herritan jasoko ditu partaideak. 7:30ean abiatuko dira, eta 19:00etarako aurreikusi dute itzulera.

“Iaz disfrutatu genuen beste egiteko asmoa dugu aurten ere. Valdezcarayko eski pistetara joango gara. Autobusa eta hastapen ikastaroa doan izango da, eta alokairua zein forfaita erabiltzaileen kontu”, zehaztu dute. Alabaina, ezinbestekoa izango da 4 urte baino gehiago izatea. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 31 izango da, plaza kopurua mugatua baita. 607673744 zenbakira deituta beharko dute izena, edota aiaraldea@aek.eus helbidean.

Arrankudiagatik Candanchura
Asteburu berdina aukeratu dute Matxinkorta taldekoek arrankudiagarrak eskiatzera gerturatzeko. Formigal eta Panticosa artean ibiliko dira. Autobusa eta Forfaita eskainiko dute 140 euroren truke, bazkideek eta umeek 130€ ordaindu beharko dituztelarik. Prezioaren barnean bidaia, aterpetxea, afaria eta gosaria daude. Otsailaren 16an aterako da autobusa Arrankudiagatik 5:30ean, eta igande iluntzean itzuliko dira herrira. Izena emateko matxinkorta@gmail.com helbidera zein Facebook kontura bidali behar da mezua, edota Ekilore dendatik pasa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide