Gaur -urtarrilak 28- irekiko da Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Bi modutan egin ahalko da: internet bidez edo nahi den ikastetxera bertaratuta.
Otsailaren 7ra arte egongo da lehen moduan egiteko aukera, www.hezkuntza.net atariaren bidez. Gurasoek eskaneatuta bidali beharko dute eskatutako dokumentazioa. Gune berezia atondu du Hezkuntza Sailak (www.ikasgunea.euskadi.eus), familiei informazio praktikoa eta gertuko aholkularitza eskaintzeko.
Ikastetxera bertaratuz gero, aldiz, otsailaren 8ra arte egongo da aurrmetrikulazioa egiteko tartea. Otsailaren 14an argitaratuko dira eskatzaileen zerrendak. Martxoaren 21ean, aldiz, behin-behineko zerrendak plazaratuko dira, eta erreklamazioak egiteko tartea utziko dute orduan, martxoaren 28ra arte. Apirilaren 4an aurkeztuko dira behin betiko zerrendak. Hala ere, errekurtsoak aurkezteko aukera egongo da, maiatzaren 6ra arte.
12 ikastetxe eskaeran
Familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ahalko ditu guztira aurrematrikulazioa egiterako orduan, lehentasunaren araberako hurrenkeran jarrita. Hori da aurtengo matrikulazio kanpainaren berrikuntza nagusienetako bat, orain arte 3 ikastetxe baino ezin baitziren hautatu ikasle bakoitzeko.
Hautaketa sistema ere aldatu dute: ikastetxe bakoitzak zerrenda osatuko du zentro hori hautatu duten ikasle guztiekin, eta eskaera guztiak barematuko dituzte. “Aldaketa honekin, lehen postuan plaza gutxi (edo eskaera asko) dituen ikastetxe bat hautatu izanak ez ditu hipotekatuko hurrengo eskaeretarako aukerak”, azaldu dute Hezkuntza Saileko arduradunek. Horrez gain, beste aldaketa garrantzitsu bat egongo da aurten: sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6.mailatik DBHra salto egiten duten ikasleek ez dute eskaerarik egin beharko, baldin eta familiek ikasketa prozesua ibilbideko ikastetxe atxikian egitea hautatzen badute.
Hezkuntza Sailak adierazi duenez, EAEko 695 ikastetxek hartuko dute parte aurtengo matrikula kanpainan. Horietarik 452 (%65) izango dira publikoak.