Kokoriko hezkuntza faktoria aurkeztuko dute ostiralean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 28a, 09:00

Ekintza ugari garatu ditu dagoeneko Kokoriko hezkuntza faktoriak. / Aiaraldea.eus

Jaio berri da Kokoriko hezkuntza faktoria, bertako kideek lanean urtebete baino gehiago daramaten arren. Makina bat ekintza antolatu dituzte dagoeneko, eta aurten ere beste horrenbeste egingo dituzte. 

Urte berriarekin batera jaio da Kokoriko Hezkuntza Faktoria. Hala ere, urtebete daramatzate bertako kideek lanean, egitasmoa garatzen. Udalekuak, irteerak, hainbat ikastetxeetako eskolaz kanpoko ekintzak, ikastaroak eta beste hainbat jarduera gauzatu zituzten iaz, eta aurten are gehiago egitea dute helburu.

“Hezkuntza ildoaren jatorrira joateko bi urte atzera egin beharko genituzke, Aiaraldea Ekintzen Faktoria jaio zen urtera, bertan zehaztu baitzen proiektuaren ardatzetako bat hezkuntzarena izango zela”, azaldu du Aritz Lilik.

“Hezkuntza eredu alternatiboa” eskaintzea izango da Kokorikoren xedea, “modu integralean” eraginda, “hezkuntza formalean, ez formalean zein informalean”. Haur eta gazteak “erdigunean” jarri nahi dituzte horretarako, izaki oso moduan dituzten eskubide eta betebeharrak aldarrikatuta.

Hezkuntza jardunaldiak
Urtea indartsu hasi dute Kokorikoko kideek. 20 orduko trebakuntza saioa eskaintzen ari dira hezkuntza ez formaleko hezitzaileentzako. Otsailaren 16an, aldiz, Hezkuntza Jardunaldiak egingo dituzte Urduñan. Espazio hezitzaileak izango dituzte hizpide, hainbat gonbidaturekin: Jon Arana, Amelia Barquín, Hiritik At arkitekto taldea, Plisti Plasta familia espazioa eta Arizmendi ikastola.

Aurkezpena otsailaren 1ean
Otsailaren 1ean, aldiz, proiektu osoaren aurkezpena egingo dute Laudioko Kasinoan, 17:30ean. “Nahi duen oro etor daiteke aurkezpenera”, zehaztu dute. Bestelako erronkak ere badituzte esku artean. “Udalekuak, irteerak, udaberriko jarduerak, negulekuak, unitate didaktikoak... makina bat ekintza egingo ditugu aurten”, aurreratu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide