ELAk irabazi ditu Tubacex taldeko hauteskunde sindikalak, STATek baino ordezkari bat gehiago eskuratuta

Aitor Aspuru Saez 2019ko ots. 13a, 08:49

Tubacex enpresako langileek egindako greba 2018an. / Aiaraldea.eus

Atzo izan ziren hauteskunde sindikalak Tubacex taldeko lantegi eta bulegoetan, Amurrion eta Laudion. ELA izan da sindikatu bozkatuena eta STAT gainditzea lortu du. CCOOk, USOk, LABek eta Independenteek ere ordezkariak izango dituzte langile batzordean.

Atzoko hauteskunde sindikalek ELA bilakatu dute aukera bozkatuena Tubacex taldean. Amurrio eta Laudioko Tubacex eta Aceralavako lantegien eta bulegoen emaitzek 10 ordezkari eman dizkiote ELAri eta, aldiz, 9 STATi.

ELAk adierazi du 16 urteren ostean, berriro lortu dutela sindikatu nagusia izatea Tubacexen, botoen %33a eskuratuta.

CCOOk 6 kide izango ditu langile batzordean eta Independenteek 3, LABek 2 eta USOk 1. Zehazki, bozka kopuruak hurrengoak izan dira:

  • ELA: 252 boza, 10 ordezkari
  • STAT: 184 boto, 9 ordezkari
  • CCOO: 143 boza, 6 ordezkari
  • Independenteak: 53 boto, 3 ordezkari
  • LAB: 61 boza, 2 ordezkari
  • USO: 50 boto, ordezkari 1

2015eko hauteskundetan ELAk eta STATek ordezkari kopuru bera izan zuten; 12. Dena den, duela 4 urte 8 ordezkari gehiagok osatzen zuten langile batzordea. Hori dela eta, sindikatu bozkatuenek ordezkaritza galdu dute esparru horretan: ELAk 2, STATek 3, eta CCOOk 2, hurrenez hurren.

USO ere ez da heldu aurreko emaitzetara, baina bozak galdu dituelako -14 zehazki-, 5 ordezkari izatetik, bakarra mantentzera, alegia. Independenteek, ordea, hirukoiztu dute euren presentzia, orain 3 kide izango dituzte negoziazio mahaian eta LABek ere antzeko lorpena eskuratu du. Azken lau urtetan ordezkari bat izan du sindikatu abertzaleak eta orain bi izango dituzte. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide