Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 100. alea argitaratuko da gaur

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 20a, 07:00
Gaur argitaratuko da 100. alea. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 100. zenbakia argitaratuko da gaur. 2013. urtean ekin zitzaion eskualdeko euskara hutsezko agerkari bakarra argitaratzeari. Ordutik hona hainbat aldaketa izan ditu aldizkariak, baina helburu berdina mantendu du urteen zehar: Aiaraldeko gaurkotasuna denen eskura jartzea, euskaraz.

2013ko urriaren 3an argitaratu zen Aiaraldea egunkariaren lehenbiziko alea. Gaur, aldiz, 100. alea argitaratuko da.

Ez da bide makala Aiaraldea hedabideak bi data horien artean egin duena. 2.000 orrialde baino gehiago erredaktatu eta maketatu dira. Milaka orri eskualdearen azken bost urtetako kronika idazteko.

Bost urtetan aldaketa ugari izan ditu hamabostekariak. 2017Ko martxoan gauzatu zen metamorfosi handiena. 16 orri izatetik 24 izatera pasa zen agerkaria, eduki berriak gehituta eta diseinu berriarekin; gaur egun duena, alegia.

Egun, Aiaraldeko herri guztietan eskuratu daiteke Aiaraldea Hemen hamabostekaria. Hainbat tokitan topatu daiteke: saltokietan, tabernetan, kioskoetan, liburutegietan, kultur etxeetan, udaletxeetan, mediku kontsultetako itxarongeletan... Baina hori ez litzateke posible izango hamabostekariaren banaketan aritzen den boluntario sarerik gabe. 2013tik hona dozenaka herritar  aritu dira lan hori musu-truk egiten, eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarrari auzolanean laguntzeko.

Egun 17 herritar aritzen dira hamabostean behin banaketa lanetan: Jabi Asurmendi Sainz, Unai Llano Anda, Eider Solatxi, Alberto Martinez Gutierrez-Barquin, Ali Orue Del Valle, Garrastatxu Landaluze Okeranza, Genma Corbella Eguiluz, Unai Vicente Basterra, Xabier Ugalde Gulias, Estibaliz Bideguren Otaola, Aitor Fernandez de Pinedo, Endika Arribas Gulias, Eunate Molinuevo Olabarria eta Koldo Rodriguez, besteak beste. “Ez zait asko kostatzen banaketa egitea, pozik egiten dut”, adierazi du Unai Llanok. Aretako banaketa egiten du berak, eta egunkariaren harrera herritarren partetik gaiaren araberakoa dela uste du: “Udako jaien gehigarriak, adibidez, sekulako arrakasta dauka”.

Eider Solatxi ikasturte honetan hasi da boluntario gisa. “Banatzen nabilen bitartean askotan jendea hurbiltzen zait egunkari eske, batzuetan soberan geratzen diren arren”, azaldu du orozkoarrak. Garrastatxu Landaluzek, aldiz, aspalditik darama Urduñako banaketa egiten. “Aiaraldea garrantzitsua da niretzat eta gustura egiten dudan ekarpena da”.

Artziniegan Alberto Martinez Gutierrez-Barquin arduratzen da hamabostekaria banatzeaz. Banatzen duen ale kopurua erdira jaitsi dela adierazi du artziniegarrak, baina ez egunkariak arrakasta gutxiago duelako, “taberna batzuk eta Dorreko hotela itxi egin direlako”.

Banaketan soilik ez, egunkariaren erredakzioan ere boluntario ugari daude auzolanean: gai zehatzei buruzko artikuluak idazten, iritzi zutabeak plazaratzen, komikiak marrazten... Iban Pagalday, adibidez, argazkilari gisa aritu izan da. “Proiektu interesgarria iruditzen zait, eta bakoitzak ahal duen heinean lagundu beharrekoa”, nabarmendu du laudioarrak.

Ikastetxean bidelagun
Eskualdeko ia hezkuntza zentro guztiek jasotzen dute Aiaraldea egunkaria, eta ikasle guztiei banatzen diete jarraian. “Gure kasuan, gela egonkorreko ikasleak arduratzen dira multzoak egiteaz, eta irakasleak bertaratzen dira gero euren geletako aleak hartzera”, azaldu du BHI Laudioko irakaslea den Alazne Llagunok.

Nabarmendu duenez, egunkariko edukiak baliagarriak suertatzen zaizkie irakasleei klasean zenbait gai lantzeko. “Minutu batzuk ematen dituzte klasean hamabostekariak dakarrena ikusten, eta kasu batzuetan klaseko edukiak lantzeko baliatzen dute hamabostekaria, klasean lantzen den materiarekin zerikusia duen edukiren bat baldin badago”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide