Asteburua oparoa izango da etxetik ateratzeko aitzakia bilatzen dutenentzat eta dantza eta zinemak izango dute, bereziki, protagonismoa.
Dantza
Esan bezala, dantzarako tartea egongo da asteburuan. Zehazki, gaur 19:00etan dantza plaza antolatu dute Laudioko Kasinoan eta 23:00etatik aurrera Gazelan.
Horrez gain, Aiara Dantza Taldeak ikuskizun berezia prestatu du eta bihar taularatuko du 18:00etan eta 20:30ean.
Kontzertuak
Horrez gain, musikazaleek hitzordu anitzak izango dituzte eskura. Alde batetik, gaur Amurrioko Burubio Kulturguneak Gwa Ya, Cristosaurio eta Kultura Reggae Band gonbidatu ditu gaur gauerako. 6 euro balioko du sarrerak eta reggaeak hartuko du aretoa.
Gainera, bihar eguerdian Artiñano Etxeak musika esperimentalari ekingo dio Gertrude Noise Meeting emanaldiarekin. Bestalde, Defenestre Fest jaialdiaren IX. edizioa ospatuko dute Laudioko Orbeko Etxean. Harcdorea, metala, crust eta punka izango dira kontzertuaren doinuak eta eskuratutako dirua elkartasun proiektu batera bideratuko dute.
Handik hurbil, Drumgorri Aretoan, hain zuzen, DJ emanaldia egingo dute goizeko 06:00ak arte.
Igandean Laudioko Musika Bandak Aratuste kontzertua joko du 19:00etan San Pedro Lamuzako elizan.
Ume eta gazteen aisialdia
Helduak ez direnek ere hainbat jarduera izango dituzte kalera ateratzeko. Hasteko, umeentzako graffiti tailerra egongo da bihar goizean Lamuza Ikastetxean 10:00etatik aurrera. 17:30ean helduko da Sorgin Zapatuen edizio berria La Milagrosa Ikastetxean eta horren barruan txotxongiloen antzezlan musikatua, askaria eta eskulan tailerra prest izango dute 5 urtetik gorako haurrek.
Gainera, igandean 17:00etan bi zita gehiago egongo dira eta bien ardatza da euskara. Alde batetik, Igande Arratsaldeak Familia programak txotxongilo ikuskizuna, askaria eta eskulan tailerra eramango du Aiarako Udaletxera. Bestetik, Kimikari saioak zientzia tailerra proposatuko du Aretako Kultura Etxean.
Zinema
Astebururo bezala, zenbait pelikula ikusteko aukera emango dute. Esaterako, umeentzako kartela osatuko dute Dragon Ball Super: Brolly eta Spiderman: Un nuevo universo filmeek. Son Gokuren pelikula Orozkon proiektatuko dute 16:30ean Donibane Aretoan 3,5 eta 4,5 euroren truke -umeen eta helduen kasuan, hurrenez hurren-. Spidermanen abenturak, aldiz, 17:30ean hasiko dira Amurrio Antzokian eta sarrerak 3,75 euro balioko du.
Helduek beste bi proiekzio izango dituzte. Donibane Aretoan Bajo el mismo techo pelikula espainiarra ikusteko aukera egongo da 19:00etan eta El gran baño Amurrio Antzokian 19:30ean 5 euro ordainduta.
Mendia eta jaia
Mendira jotzeko bi parada egongo dira igandean. Saratarri mendira joango dira Txarlazo mendi taldeko kideak eta horretarako 08:00etan geratu dira suhiltzaileen erakinean. Gainera, Basaratustea ospatuko dute Laudioko Larrazabalgo baselizan 12:30etatik aurrera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!