Amurrio eta Laudioko tren geltokietan kartelak eta triptikoak banatuko dituzte Amurrio eta Laudioko Udalek. Asmoa da alkoholaren zentzuzko kontsumoa sustatzea eta trena jo dute tokiko erakundeek horretarako leku egokitzat. Izan ere, astebururo hainbat gaztek erabiltzen dute trena garraiatzeko eta maiz botilaz beteriko poltsekin egiten dute bidaia.
Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Laudioko eta Amurrioko alkateek eta menpekotasun teknikariek, baita Jose Angel de la Fuentek, Renfeko arduradunak.
Erakunde horiek guztiek elkarlanean gauzatuko dute kanpaina 5 asteburutan. Abiapuntua larunbata izango da, Aratusteak baitira eta alkohol kontsumoa areagotzea aurreikusi dute. Hurrengo ahaleginek bat egingo dute bestelako ospakizunekin.
Berez, parte-hartzaile guztiek goraipatu dute helburua ez dela alkoholaren kontsumoa gaitzestea, baizik eta arriskuak -istripuak, esperientzia txarrak, arazoak, ezinegonak...- murriztea ahalik eta gehien, zenbait aholkurekin.
Besteak beste, alkoholak ez nahastea, kontsumoa neurtzea, aurretik ondo elikatzea edo, adin gutxikoa izanez gero, alkoholdun edariak ez hartzea iradokiko dute.