Mozorroz eta ekintzaz beteko da datozen orduetan Aiaraldea

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 1a, 09:21
Gaur eta bihar mozorroz jantziko da Aiaraldea. / Aiaraldea

Gaurtik asteartera jarduera ugari egongo da eskualdeko herrietan aratusteak direla eta. Egitarauen nondik norakoak jakin nahi?

Mozorroz beteko da datozen egunetan Aiaraldea. Tokian toki, makina bat ekintza antolatu dituzte herritarren dibertsiorako. Hori dela eta, Aiaraldea hedabideak inauterietako argazki lehiaketa antolatu du. Martxoak 10era arte aurkeztu ahalko dira lanak, eta 17ra arte egongo da irudi irabazlea bozkatzeko aukera.  

Ikastetxeetako desfileak
Ikastetxeetan eta herriko plazetan izango dute eragin handiena aratusteek. Artziniegako Arteko Gure Ama eskolakoak izan dira ospatzen lehenbizikoak, atzo arratsaldean egin baitzuten kalejira. Amurrion, Okondon eta Laudion, berriz, gaur arratsaldean aterako dira ikasleak mozorrotuta kalera.

Egitarauak herrika
Zernahi gisaz, larunbata izango da aratusteetako egun nagusia, mozorro lehiaketei dagokienez. Artziniegan disko-txantxarekin abiatuko dute festa larunbatean 18:00etan, eta 19:00etan izango da mozorro lehiaketako aurkezpena eta sari banaketa. 18:30etatik 19:00ak arte, baina, torradak aurkezteko aukera egongo da, jaki gozoena hautatze aldera. Txokolate janarekin bukatuko dute eguna.

Arrankudiagan, berriz, gaur zentratuko dituzte jarduera gehienak. Hain zuzen, umeen eta nagusien afariak antolatu dituzte Gizarte etxean, mozorro jaiaren barruan.

Okondon, aldiz, gaur egingo dute eskolako kalejira (15:00etan), eta merienda osasungarria eta mozorro lehiaketa egongo dira Kultura etxean ondoren (17:30ean). Martxoaren 5ean, berriz, inauterietako tailerrak eskainiko dituzte liburutegian (17:30ean).

Laudion "herri aratusteak" prestatu dituzte, eta baita hainbat kalejira eta jarduera ere. Larunbateko desfilea 18:00etan abiatuko da, Ugarte auzotik. Horrez gain, ostiralean zein larunbatean ekintza ugari egongo da: buruhandiak, haurrentzako puzgarriak, musika kontzertuak...

Amurrion ere egitarau oparoa prestatu dute. Batetik, "Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa" edukiko dute herritarrek 19:00etan bihar. Gainera, Juan Urrutia plazan "Amurrio Dance" jaia antolatu dute. Bestetik, Burubio Kultur Elkartean, Joseba Irazokik eta Eskean Kristok joko dute. Ohi bezala, asteartean erreko dute Karro Birigarro. Aiaran, Luiaondon elkartuko dira larunbatean.

Urduñan, ostera, larunbatean ospatuko dituzte aratusteak, eta 18:30ean hasiko da desfilea Foru plazan: 

Orozkon umeentzako antzerkia, txokolate jana eta diskofesta egongo da gaur arratsaldean. Beste tokiekin alderatuta, ez dute mozorro lehiaketarik egingo. Izan ere, herriko jaietan izaten dute txapelketa hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide