Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak aurten 55.000 euro erabiliko ditu lurralde historikoko herri txiki eta ertainetako merkataritza zonetako ekipamendua hobetzeko, eta landa zonetan merkataritza proiektu berrien garapena sustatzeko edo lehendik daudenak hobetzeko.
Lehenengo laguntza lerroaren onuradunak 3.000 biztanle baino gehiagoko Arabako udalak dira, Gasteizkoa izan ezik, eta 3.000 biztanle baino gutxiago izanik merkataritza biziberritzeko aukerak eskaintzen dituen herrigune historikoa daukatenak (Alegría-Dulantzi, Artziniega, Elciego, Bastida eta Laguardia). Haren helburua herri horietako merkataritza egitura indartzen duten proiektuak garatzea da.
“Programa honek, 35.000 euroz hornituta, dirulaguntza emango du merkataritza sektorea suspertzeko edo biziberritzeko azterlanak edo planak egiteko, hirigintza eta merkataritza inbertsioak analizatu eta zehazteko azterlanak egiteko, eta merkataritza zonetan hiri ekipamendua hobetzeko inbertsioak gauzatzeko”, dio Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak.
Bigarren laguntza lerroaren helburua da Arabako herri txikietako biztanleak oinarrizko produktuez hornitzen dituzten denden irekiera edo hobekuntza sustatzea. Kasu honetan, erakunde onuradunak denda bat kudeatzen duten edo kudeatuko duten irabazteko xederik gabeko elkarteak dira, eta merkataritza edo artisautza proiektu berri bat garatuko duten autonomoak.
Foru Aldundiaren dirulaguntzak, kasu horretan, egokitze obrak egiteko eta altzariak eta makineria erosteko izango dira. Azkenean, badago hirugarren laguntza lerro bat, Arabako kontzejuentzat eta kontzeju elkarteentzat, zeinaren helburua baita landa herrietako merkataritza sustatzeko jarduerak bultzatzea, honako hauek direla medio: sentsibilizazio jardunaldiak, sustapen materialaren diseinua eta argitalpena, publizitate ekintzak eta gai honen gaineko aholkularitza.
Deialdi hauen arauak aste honetan argitaratu dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAOn), eta interesa duten pertsona eta entitateek apirilaren 17ra arteko epea dute, egun hori barne, beren eskabideak aurkezteko.