Ez we can´t. Hizkutza-eskubideen alde

"Ez, we can´t" kanpaina aurkeztu dute, udal-hauteskundeetan hizkuntza eskubideen urraketak salatu eta alderdi politikoei konpromiso errealak eskatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 22a, 21:22

#EzWeCant traola baliatuko dute kanpainari zabalkundea emateko. Alderdi politikoekin harremanetan jarri da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, konpromiso zehatzak hartzeko gonbita luzatzeko. Horrez gain, sinadura bilketa abiatu dute Change.org plataforman.

Gaur arratsaldean aurkeztu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak maiatzeko hauteskundeen harira prestatutako kanpaina. “Euskara udal-hauteskunde kanpainan” sartu eta  “Aiaraldeko instituzioetan hizkuntza-eskubideak errespetatzeko aldarrikapena agenda politikoan kokatzea” izango dira egitasmoaren helburuak.

“Esparru instituzionalean, beste arlo askotan bezala, euskaraz osoki bizitzeko ezintasun nabari bat dugu euskaldunok: bigarren mailako herritarrak gara askotan instituzioen aurrean, eta okerrena dena, indarrean dauden legeek, dekretuek eta adostasunezko irizpideek aitortzen dizkiguten eskubideak urtez-urte urratuak direla ikusten dugu”, azaldu dute prentsaurrekoan, “larriena baina, egoera hori normaltzat hartzen dela da, eta ez direla beharrezko neurriak hartzen eskubide urraketa horiek amaitzeko”.

Alderdi politikoekin jarri da kontseilua harremanetan, hiru eskaera nagusi plazaratzeko: Hautagaiak euskaradunak izatea edo legealdian euskara ikasteko konpromisoa hartzea, hauteskunde-kanpaina euskaraz ere garatzea eta programa politikoetan 11 neurri zehatz hartzea euskararen normalizaziora begira.


Sinadura bilketa
Horrez gain, sinadura bilketa abiatu dute, hizkuntza eskubideen urraketa salatu eta alderdiak arestian aipatutako konpromisoak hartzera bultzatzeko. #EzWeCant traola baliatuko dute kanpainari zabalkundea emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide