[ERREPORTAJEA] Industria birmoldaketaren ajeak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 17a, 07:00

LIDLen biltegia Langraiz Okara mugituko dutela jakinarazi dute duela gutxi. Argazkiak: Aitor Aspuru Saez

Martxoa amaieran zabaldu zen LIDLek Laudion duen biltegia Langraiz Okara mugituko duela. Albisteak zeresana sortu duen arren, baditu aurrekariak. Azken urteetan hainbat enpresa itxi dira Aiaraldean. Datuek argi erakusten dute ematen ari den joera: industriaren pisua geroz eta txikiagoa da, zerbitzuen eskualde batean bihurtzen ari gara. 

Martxoaren amaieran zabaldu zen LIDLek Laudion duen biltegia Langraiz Okara mugituko zela. Albisteak zeresana sortu du eskualdean. Laudioko alderdi politikoek ere izan dute ahotan LIDLen itxieraren afera. Laudioko azken Udal Osoko bilkuran izan dute hizpide gaia, eta hainbat prentsa.ohar eta adierazpen egin dituzte.  

PSE-EE izan zen lehena. Juanje Merchanen ustez, deslokalizazioa albiste txarra da udalerriarentzat, “langileentzako, enpleguarentzat zein Laudiok gune industrial eta enplegu sortzaile gisa duen irudiarentzat”. Alkategai sozialistaren aburuz, egoerak EH Bilduk arazoei aurre egiteko duen “gaitasun eza” jartzen du agerian. Antzeko hitzak baliatu zituen Ramiro Gonzalezek Radio Llodion eginiko elkarrizketan. Arabako Ahaldun Nagusiaren arabera, Laudioko Udala ez da LIDLi  lursail handiago bat eskaintzeko gai izan. “Ezgaitasun horren aurrean, Aldundiak  lursail bat eskaini zion enpresari Langraiz Okan, Araban geratu dadin”.

EH Bilduren udal gobernuak, bere aldetik, gogor kritikatu ditu PSE-EEren zein Gonzalezen hitzak. “Herrien arteko konfrontazioa” sustatzea leporatu zion Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak Ahaldun Nagusiari. “Aldundiak okupatu gabe dauden lursail asko ditu herrialdean, oso erraz eskaini dezake bat”.  Dena dela, LIDLek lursail gehiago behar zuela aitzakia bat dela iradoki zuen Jon Ander Altubek. “Laudioko biltegia da Estatu Espainiar osoan lan-hitzarmen propioa duen bakarra. Biltegi hori itxiko balitz langileen lan-baldintzak okertu egingo lirateke”. Hori da enpresak lantegia “deslokalizatzeko” duen arrazoi nagusia, alkateordearen ustez.   

 

Datuek oso argi erakusten dute eman den gainbehera. Eskualdean ekoizten den balio erantsi gordina geroz eta gutxiago dator industria sektoretik, zerbitzuen mesedetan



Segida luzea
Dena dela, LIDLen biltegiaren itxiera beste pieza bat baino ez litzateke   eskualdean industria birmoldaketaren garaitik datorren segida luzean. 1992. urtean itxi zen garai hartan eskualdeko enpresarik handiena zena: Aceros de Llodio. Ordutik hona fabriken itxierak euri tantak bezala erori dira eskualdean: Acerosentzat zuzenean lan egiten zuten tailer txikiak izan ziren lehenak desagertzen, baina geroago beste hainbaten txanda iritsi zen.  Azken urteetan hainbat lantegi itxi dira. Hor daude Lipmesa, Norten, Vicalde edota Kiderren adibideak, besteak beste.

Datuek oso argi erakusten dute eman den gainbehera. Eskualdean ekoizten den balio erantsi gordina geroz eta gutxiago dator industria sektoretik. Laudion, adibidez, balio erantsi gordinaren %47,3 zetorren industria eta energiatik 1996an. 2016an, aldiz, ehuneko hori %37,7ra jaitsi zen, zerbitzuen (%57,8) sektorean. Gainontzeko herrietan ere joera bera sumatu daiteke. Arakaldokoa da kasurik nabarmenenena: 1996an balio erantsi gordinaren %61a zetorren industria eta energiari lotutako enpresetatik. 2016an, aldiz, %8,2 baino ez zetorren sektore horretatik. Urduñan ere jaitsiera deigarria eman da: industriaren presentzia %40,9koa zen 1996an. Hogei urte beranduago, aldiz, %14,9koa zen.

Datu horiek ondorio argi bat uzten dute mahai gainean: Aiaraldea eskualde industriala izateari uzten ari dio, zerbitzuen zonalde bat izatera pasatzeko, eta horrek jendartean ekarriko dituen ondorio guztiak ikusteke daude oraindik.

NORTEN

San Mames berriko harmailak  egin zituzten Norten enpresan. Enkargu hori burutu eta gutxira itxi zuten Arakaldon zegoen fabrika, duela bost urte. Orduz geroztik eraikina hutsik egon da, eta lapurreta ugari egon dira bertan. "Gaur egun azpiegitura guztiz birrindua dago", azaldu du Jabi Asurmendik. Arakaldoko alkateak salatu duenez, enpresaren zuzendaritzak hainbat irregulartasun egin ditu azken urteetan: "Hainbat gauza kendu zituzten udalari horretarako obra baimena eskatu gabe, amiantoa ere baimenik gabe kendu zuten eta ur-kontsumo handia egin zuten ur-korrontea jada etenda zutenean".

Gauzak hala, tokiko erakundea Jaime Delclauxekin (enpresaren zuzendaria) bildu zen egoera bideratzeko. Iaz Eraikin enpresak erosi zuen lurra, baina oraindik ez dute zehaztu zertarako erabiliko duten.

VICALDE

2015ean itxi zuten Laudioko Industriagunean zegoen fabrika. 1966. urtean sortu zuten fabrika. Presio handiko ontziak egiten zituen enpresa handientzat (Campsa edo Petronor, besteak beste).
Itxi baino bost urte lehenago hasi ziren arazoak enpresan. Hainbat enplegu-erregulazio espediente ezarri zituzten 2009. urtetik aurrera. Itxi zutenean 30 langile inguru zeuzkan enpresak, baina 50 baino gehiago izan zituen garai oparoagoetan. Gaur egun fabrika zegoen eraikina hutsik dago.

KIDER

Kiderrek hiru fabrika zituen: Amurrion lehena, Murgan bigarrena eta Barakaldon hirugarrena. 2014. urtean hiru lantegiak itxi zituzten, 388 langile langabeziara eramanda.

Handik gutxira, baina, inbertsore bat prest agertu zen Amurrioko fabrika (Kime izenekoa) berriz irekitzeko, 50 langilerekin. 6.250.000 euro eskaini zituen horretarako, eta Kider Store Solutions izena jarri zion egitasmoari.

Hala egin zuen, eta denborak aurrera egin ahala langile gehiago kontratatu zituen. Gauzak hala, bertan lehen lan egiten zuen beharginetako askok lanpostua eskuratu zuten, baina ez guztiek.
Gainera, lan-baldintzak ez ziren  lehen zituztenak bezalakoak. Asko kaskartu ziren, soldatak batez ere. Gaur egun, Murgako lantegiak (ezkerreko argazkikoa) hutsik jarraitzen du.

TRANER

Urduñako La Paul auzoan zegoen Traner (Transformados Del Nervion SA) enpresaren lantegia. Enbutizio bidezko piezak ekoizten zituzten bertan.

Duela ia 20 urte itxi zuten enpresa, eta orduz geroztik itxita egon da. Gauzak hala, Urduñako Udalak "Lurra berreskuratzeko eskaera" egin dio Eusko Jaurlaritzari. Ea herrian burutu zen prozedura baliatu nahi dute. Herri horretan bi urte baliatu zituzten industriagunea bertako udalaren esku jartzeko.

ELKARTEGIA

2006. urtean ireki zuten Urduñako Elkartegia. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Azpiegiturak sozietate publikoak eraiki zuen industriagunea.

Gaur egun, baina, industriaguneko pabilioi bakarra dago okupatuta, gainontzekoak hutsik dauden bitartean.  4-5 eskaera jasotzen ditu Aldundiak urteko, baina gero ez dira errealitate bilakatzen. Hala ere, Urduñako enpresa hazitegiko proiektu bat Elkartegiko bulegoetara mugituko da laster.

Iragan otsailean bilera egin zuten Urduñako Udaleko, Aldundiko eta Elkartegiko ordezkariek, industriagunearen okupazio-tasa ia hutsalaren arazoaz mintzatzeko. Bertako pabilioi edo bulego bat alokatu edo erosteko prest agertzen diren enpresen eskaerei arreta handiagoarekin jaramon egiteko konpromisoa hartu zuten guztiek.

LIDL

Langraiz Okako "Los Llanos" poligonora mugituko da LIDLek Laudion duen instalazioa. Laudion espazio nahikorik ez duela argudiatu du supermerkatu kateak herritik joatea justifikatzeko.
Arabako Foru Aldundiaren Garapen Agentziarena den 111.687 metro karratuko gune batera mugituko da multinazionala, 7,25 milioi euro ordainduta. Horretarako gunea urbanizatu behar dute lehenbizi. Ondoren, 34 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du LIDLek, 36.500 metro karratuko azpiegitura sortzeko.

Gauzak hala, oraindik denbora falta da deslokalizazioa gauzatzeko, baina zuzendaritzaren erabakia irmoa omen da. Egun 200 behargin daude Laudion. Langraiz Okara lan egitera joan nahiko luketenek lanpostua mantendu ahalko lukete. Gainontzekoen etorkizuna, ordea, kolokan egongo litzateke.

LIPMESA

2013an itxi zituen betiko ateak Lipmesa enpresak. Aretako fabrikak 1943. urtean ireki zituen ateak, eta eskualdeko fabrika garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, 140 pertsonei ematen baitzien lana.

Enplegua-erregulatzeko espedientea aplikatu zuten lehenbizi langileen artean. Ondoren hartzekodunen lehiaketan sartu zen enpresa, eta handik gutxira itxi zuten.  Langileek soldata atzerapen ugari pairatu zituzten itxieraren aurreko hilabeteetan. Azkenean, FOGASAren bitartez kobratu zuten zor zitzaien dirua. Sinatutako akordioaren arabera, beharginen kolektiboak milioi bat euro jasoko luke Lipmesaren makinak, eraikina eta lurrak salduko balira.

Baina eraikinak hutsik eman ditu azken bost urteak. Gainera, 2017ko azaroan bi sute egon ziren fabrikan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide