Aste Santua ate joka dugu. Horregatik, datozen egunetan nabarmen murriztuko da eskualdeko agenda deialdi kopurua. Datorren asteburuan, adibidez, ez da zinema proiekziorik egongo Aiaraldeko aretoetan.
Umeentzako ekintzak nagusi
Gauzak hala, data hauei lotutako ekitaldi erlijiosoek hartuko dute protagonismo gehiena. Baina egongo da bestelako jarduerez gozatzeko aukera ere. Umeentzako ekintzak izango dira nagusi. Amurrioko San Anton plazan, adibidez, “Jalgi Hadi” egitasmoa egongo da hilaren 23tik 26ra. Haurrentzako makina bat tailer eta jolas burutuko dituzte bertan, 17:00etatik 19:00etara: burbuila erraldoiak egiteko ikastaroa, yoga tailerra, egurrezko golfa eta autotxoke ekologikoak, besteak beste.
Jaiak
Apirileko azken asteburuan, aldiz, jai giroa nabarmen handituko da eskualdean, Amurrioko San Jose auzoko eta Aiarako Jaiak hasiko direlako.
Danborrada
Hilabete amaierarekin batera beste ospakizun bat iritsiko da eskualdeko herri arabarretara: San Prudentzio. Danbor hotsek eta barraskilo dastaketek hartuko dituzte kaleak apirilaren 27an.
Oraindik ez dituzte egitarau guztiak plazaratu, baina kalejirak arratsaldean izango direla aurreikusi daiteke. Rakataplako kideak, aldiz, gauez aterako dira Laudiotik. Motorrak berotzeari ekin diote: entseguak antolatu dituzte apirilaren 23 eta 25rako. Aldai plazan egingo dituzte, 19:00etan.