Egunak agortzen ari dira apirilaren 26ra heltzeko eta alderdiek bitarteko guztiak erretzen dituzten bitartean, gauza bera egiten dute hainbat bozkatzailek euren neuronekin botoaren norabidea hautatzeko.
Izan ere, urte luzez Espainiako Kongresuko hauteskundeak bi alderdi nagusien arteko lehia izan dira -PSOE eta PP- eta ematen zuen eskualdean, berez, aparteko ezer ez zela jokatzen.
Krisialdia ekonomikoak, ordea, lurrikara politikoa eragin du munduan, baita Estatu Espainiarrean ere. Jakina, horrek isla du gure eskualdean, ez baikara uharte isolatuan bizi. Eraldaketa horren emaitza 2015eko abenduan eta 2016ko ekainean sumatu zen, Kongresuko hauteskundeetan Unidos Podemos koalizioak lortu baitzuen hegemonia ohiko alderdien gainetik.
Apirilaren 26ko hauteskundeei dagokienez, ordea, egoera berriro aldatu da. Vox alderdiak (Santiago Abascal amurrioarrak sortutako eskuin muturreko erakundeak) eskuinera eraman du talde kontserbadoreen ardatza (PP eta Ciudadanosena, hain zuzen).
Hori zigortzeko, hainbat bozkatzaile euren kalkulu politikoak egiten ari dira alderdi eskuindarren joerari aurre egiteko. Gauzak horrela, Bizkaian eta Araban egoerak ezberdina antzematen da, beti ere inkestei erreparatuta.
Bizkaia
Printzipioz, Bizkaian emaitzak argiak izan daitezke zenbait zentzutan; EAJk bere hegemonia handituko luke, PSOEk botoak kenduko lizkioke Elkarrekin Podemosi (koalizioak ordezkariak galduko ditu, antza) eta EH Bilduk bere ordezkaritza mantenduko luke. Hemen, PPren zalantza dago, inkesta batzuek uste baitute kongresistarik gabe gera daitekeela.
Araba
Araban, ordea, badirudi PPko ordezkaritzak askoz arrisku handiagoa duela. Zentzu horretan, inkestak inkesta, Arabak ezkerrera jo lezake, PP eta eskuineko alderdiak ahalik eta gehien baztertzeko. Gauzak horrela, egindako zenbait ikerketek iragarri dute Elkarrekin Podemos izango dela indar garailea Araban; eta, edonola ere, PSOEk ere boto igoera izango duela, nahiz eta EAJk tinko eutsiko dion.
Hala eta guztiz ere, "boto erabilgarriaren" zalantza ekuazio horretatik kanpo egon daiteke. Jende ugarik ez du boza inoiz aldatzen, baina Araban ez da horrela. Arabarrek hauteskunde motaren eta gertakarien ondorioz erabakitzen dute noren alde egingo duten.
Dakigunez, Voxen agerpenaren baino lehen, Javier Maroto izan zen Araban eta PPn muturreko eskuineko diskurtsoa hauspotu zuena. Hori dela medio, bozkatzaile ugariren helburua da Pablo Casadotik oso gertu dagoen politikaria Kongresutik kanpo uztea.
Javier Maroto helburu
Horretarako, zalantzan dagoen beste aukera bat irekitzen da PPren deriba zigortzeko. Berez, nahiz eta Elkarrekin Podemosek estatuko hauteskundeetan EH Bilduren ohiko hainbat bozkatzaile lapurtu, horietako askok tentazioa sentitu dezakete koalizio abertzalea babesteko, Javier Maroto eserlekurik gabe gera dadin. Apustua hor ez litzateke goitik egurtzea PP (hau da, zerrenda bozkatuena indartuta), baizik eta azpitik, EH Bildu gutxiengo langara heldu dadin, PP gaindituta.
Kinka horretan erabilgarritasun eta eraginkortasun kontzeptuei buruz hausnartu beharko dute bozkatzaileek. Elkarrekin Podemosen alde egitea Espainiako ezkerreko eta zentro-ezkerreko indarrek gobernua osatu dezaten; edo EH Bilduk Madrilen ordezkaria izan dezan Javier Maroto eta PP zigortzea popularren kalterako.