San Prudentzioko zubiak eragin handia izan du Correos zerbitzuan. Arabako bulegoek posta bidez bozkatzeko eskaera andana jaso dute azken asteotan Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetan botoa emateko, Aiaraldea hedabideari jakinarazi diotenez: "Araban uholdea izan genuen Aste Santuan baino lehen, bereziki astelehenean eta asteartean, eta aste honen hasieran ere". Laudion 1.607 herritarrek interesa agertu dute horretarako, eta Amurrion 885 lagunek. 2016an, ordea, Laudion 604 eskaera jaso zituzten eta Amurrion, 885.
Guztira, Aiaraldeko Correoseko bulego arabarretan %147 igo da boto eredu hori baliatzeko eskaera kopurua. Herrika, Laudion %166 hazi da eta Amurrion, aldiz, %119.
Araban balizko bozka emaileen %13ak aukeratu du botoa posta bidez ematea, 33.000 herritar baino gehiagok guztira.
San Prudentzio eta ezegonkortasun politikoa
Eskualdeko egoera nabarmen ezberdina da; Urduñan 171 eskaera besterik ez dituzte kudeatu eta. Hala ere, hiri bizkaitarrean 2016an 141 eskaera izan zituzten. Ondorioz, bertako gorakada horren deigarria izan ez bada ere, %20an kokatu da.