EAJ izan da Espainiar Kongresurako 2019ko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena Aiaraldean; Arrankudiaga-Zollon izan ezik -EH Bildu gailendu da- beste herri guztietan irabazi du. Guztira, 8.844 boto jaso ditu eskualdeko 9 herrietan, 2016an baino 2.298 gehiago. Hala, bozkatzaileen %35ak babestu du jeltzaleen ordezkaritza. Ondorioz, Podemosek, lidergotza galdu du (2016an 7.309 boto bildu zituen bailaran, eta aurten 4080 soilik; hots, 3.229 gutxiago).
EH Bildu izan da babes gehien jasotako bigarren alderdia, 6.645 botorekin (%21.03). Alabaina, %7 hazi da aurreko hauteskundeekiko koalizio abertzalearen jarraitzaile kopurua, (5.256 boto eskuratu zituen aurreko hauteskundeetan, eta oraingoan 6.645).
Podemosek lortu du hirugarren indarra izatea, baina beherakada nabarmenarekin: 2016an eskualdeko indar nagusia izan zen herritarren %31.91ak bozkatu zuelako, eta oraingoan %16.32k babestu du alderdia.
PSE-EEk, bere aldetik, %4 hobetu du bere emaitza, 4.104 boto pilatuta (aurrekoan 2.533 lortu zituen, %11.06).
Eskuin hirukoitzak behera, Voxek gora
PP %4 ahuldu da hauteskunde hauetan Aiaraldean, 1.438 boto lortu baititu (%5.75), 2016ko 2.127ren aldean (%9.28). VOX eta Ciudadanosek jarraitzaile kopurua mantendu dute gutxi gorabehera. Horrenbestez, eskuin hirukoitzak -VOX, Ciudadanos eta PPk- 340 boto galdu dituzte (2.398 bildu dituzte aurten, eta 2016an 2.648). Dena den, nabarmentzekoa da Santiago Abascal amurrioarra buru duen alderdiaren presentzia, 2016an 37 boto izatetik 457 jasotzera igaro baitira.
Parte hartzeari dagokionez, eskualdean, Euskal Herrian eta Espainian nabarmen igo da; herrikako datuetan ikus daitekeenez:
Senaturako hautagaiak
Bestalde, Senatuko Araba eta Bizkaiko ordezkariak zehaztu dira. Eskualdeko zerrendaburuei dagokienez, Almudena Otaolak ordezkatuko du EAJ Madrilen (42.782 boto eskuratuta Araban). Garazi Dorronsorok, ordea, ez du EH Bilduren izenean Senatuan jardungo, 25.985 boto lortu arren ez baita hautatua izan. Arabako gainontzeko senatariak EAJ eta PSE-EEkoak izango dira: Juan Carlos Medina (EAJ), Rosa Peral (EAJ) eta Julia Liberal (PSE-EE).
Bizkaian, berriz, ondorengoak izango dira Madrilen senatari: Nerea Aedo (EAJ), Maria Dolores Etxano (EAJ) Imanol Landa (EAJ) eta Txema Oleaga (PSE-EE).