[ANALISIA] EAJk irabazi ditu eskualdean hauteskundeak, bozka erabilgarria erakarrita, baina EH Bilduk eta PSOEk ere nabarmen egin dute gora

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 29a, 06:30

Atzoko hauteskundeen irudia. / Aiaraldea.eus

EAJk hegemonia erakustaldia egin du Aiaraldean, baina EH Bildu koalizioak ere nabarmen egin du gora, eta Elkarrekin Podemos izan da indarrik kaltetuena, hainbat boto galduta. Alderdi sozialistak ere aprobetxatu du bere aukera datuak hobetzeko.

Aiaraldean Kongresuko hauteskundeek hiru ondorio argi utzi dituzte. Bozkatzaileak gehiago mobilizatu dira eskuin espainiarraren gorakadari aurre egiteko. Zentzu horretan, eskualdeko batezbestekoa, gutxi gorabehera, %7a izan da. Muturreko kasuetan Arakaldon partaidetzak gora egin du %16an eta, alderantziz, Artziniegan soilik %2,21ean.

Horrek esan nahi du 2.085 lagun gehiagok jo dutela hauteslekuetara (edo posta bulegora, ez da ahaztu behar Araban ia %150ean igo dela aukera hori San Prudentzio jaia dela medio). Uholde bozka berri horrek bilatu du aukera erabilgarriarena PP, Ciudadanos eta Vox alderdien batura ekiditeko Espainiar Gobernuan.

Bide horretan, askok EAJren proposamena babestu dute. Guztira, 8.844 herritarrek babestu dute bere aukera, hau da, 2016an baino 2.298 pertsona gehiagok. Horri esker %35an hobetu dituzte emaitzak. Hala nagusitu dira jeltzaleak eta Aiaraldeko %35,39ko bozkatzaileak bereak izan dira. Gauzak horrela, bere zerrendak izan dira arrakastatsuenak herri guztietan, salbu Arrankudiaga-Zollon, horretan EH Bilduk 10 boto gehiago izan baititu.

Jeltzaleen atzetik emaitza orokorretan, EH Bilduk ere gainditu ditu nabarmen aurreko markak. Izan ere, koalizio abertzaleak Araban utzi du Javier Maroto Kongresutik kanpo eta, zalantzarik gabe, hori pizgarria izan da bere datuak hobetzeko. Ez da ahaztu behar Javier Marotok baliatu zuela lehenengo aldiz eskuin muturreko diskurtsoa Gasteizko alkatetza mantentzeko eta, horrez gain, Pablo Casadoren laguntzaile oso gertukoa dela. Bizkaian ere popularrek ez dute ordezkaririk eskuratu EH Bilduri lekua utzita. Zehazki, EH Bilduk 5.256 boto erakarri ditu, eta horrela duela 3 urteko uzta 1.620 bozketan gainditu du.

Bi alderdi horietatik urrun badago ere, zenbaki orokorretan, PSOEk bere emaitzak izugarri hobetu ditu 4.104 boto erdietsita, 2016an baino 1.571 gehiago. Ia gehienak Laudion batu ditu. 2016an 1.432 izan ziren eta honetan 2.223 erdietsi ditu Arabako herririk handienean. Horrekin, gainera, udalerriko bigarren indar garrantzitsuena izan da, EH Bildu 3. postuan utzita. Amurrion ere bozak ia bikoiztu dituzte sozialistek aurreko hauteskundeen hitzorduarekin alderatuta; 592 bototik 1.036ra pasa dira.

Horien guztien gorakadak ekarri du Elkarrekin Podemosen kaltea. Guztira 3.229 bozkatzaileren galera izan du, aurreko hauteskundeetan baino %44 gutxiago lortuta. Zehazki, 7.309 bototik, 4.080 botora igaro da Equo, IU eta Podemosen koalizioa.

2016an lehen indarra izan zen, eta honetan, ordea 4. izan da eta EAJk, EH Bilduk eta PSOEk aurrea hartu diote. Atzera pauso horren adibiderik argiena izan da Laudio; 3.266 botoren babesa izan ostean, 1.703 bozkekin geratu da. Hala ere, joera udalerri guztietan bistakoa izan da. Amurrion 1.913 herritarren babesa izan zuen eta 989k besterik ez dute egin orain.

Galtzaileen aldean, PPk sumatu du ere bozkatzaileen konfiantza ez dela berarekin egon eta %32ko botoen galera jaso du. Hortaz, bidean 689 boto galdu ditu (1.438 boza izan ditu guztira). Gehienak Vox alderdi ultraeskuindarraren lerroak elikatzera joan dira, dudarik gabe.

Santiago Abascalen alderdiak balio izan du Javier Maroto Kongresutik kanpo uzteko. Eskualdean 2016an 37 boto jaso zituen, baina atzo 503 lagunek hautatu zuten bozka ematea horren alde: 152 Amurrion, 206 Laudion, 50 Urduñan, 20 Artziniegan, 35 Aiaran, 44 Orozkon, 10 Okondon eta 4 Arrankudiaga-Zollon. Alderdi espainiar eskuindarren hirugarren indarrak, Ciudadanosek, oso pareko emaitzak jaso ditu. 2016an 484 bozka izan zituen eta atzo 457.

Hiruren batura ez du masa kritiko inportantea ordezkatzen eskualdean; bozkatzaileen %9,26 besterik ez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide