aiaraldea.eus

[IRITZIA] Aisialdikoak

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Paris   Iritzia  Aiaraldea
[IRITZIA] Aisialdikoak
Argazkia: Kirikiño Aisialdi Taldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Norbaitek "aisialdi" hitza ahoskatzen duenean,  ume garaian ikasi nuen hierarkia hitza datorkit burura. Baina hierarkia aipatzen dudanean ez naiz ari heldua haurra edo gaztearen gainetik jartzearen botere harremanaz, ez.  Hemen aipatu nahi dudan hierarkia ditxosozko hori hezkuntzan ari garen helduon artean ematen dena da. Hau da,  aisialdiko langileak hezkuntzaren esparruan azken mailan, beheko aldean,  daudela.  Hau dela eta, euren profesionaltasuna gutxiesten da egunero, momentu oro. Irakasle, andereño, hezitzaile, laguntzaile eta abarren ostean aisialdikoak daude. Baina zintzoa izanda, duela gutxira arte neu nintzen aisialdiko langileak baloratzen ez zituen lehena, nire ikasketez harro.

Dena den, Haur edo Lehen Hezkuntzako ikasketak izan arren, horrek ez gaitu irakasle bihurtzen edo, bestela esanda, monitoretzako titulua izateak ez gaitu aisialdiko profesionalak bihurtzen. Argi izan beharko genuke tituluek ez gaituztela profesional bihurtzen, ateak zabaldu eta aukerak probesteko eskaintza baino ez digute ematen. Titulurik gabeko irakasle ederrak ezagutu ditut bizitza honetan.

Aisialdian lan egiten dudanetik, burua galdera eta zalantzaz beterik dut. Zerk du garrantzia handiagoa, idazten ikasteak ala lengoaia musikala menperatzeak? Algebra ezagutzeak ala gorputzaren bitartez mundua aztertzea eta ezagutzeak? Zein da hezkuntza eta aisialdiaren arteko muga? Ez al dute biek behar bera asetzen, ongizate eta hazkuntza ahalbidetzea? Eta noren beharrak asetzen ditugu, haur eta gazteenak ala familienak?

Lanbide honetan gero eta gehiago ibiltzean zalantzak handituz joan arren, benetan zorionekoa sentitzen naiz. Izan ere, aisialdia errespetatzen ikasi dut, ez bakarrik ulertzen. Gure lanari dagokion garrantzia eman behar zaio, haur eta gazteek aisialdian ere aske gozatu eta aske ikasten dutelako. Aspaldi irakurri nuen bezala, haur eta gazteek ez dute egiten nahi duten guztia, baina egiten duten guztia egin nahi  dute.

Begirale, bidelagun ala hezitzailetzat jo dezakezu zure burua, bakoitzari etiketak jartzeko ardura norbanakoarena da. Baina ez ahaztu, begirada,  sostengua eta hazkuntzarekiko ardura dagokion lekuan eta momentuan jartzen.
Elkarrekin “gozikasi” dezagun.

Gora bizitza! Gora aisialdia!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa