Ez we can´t. Hizkutza-eskubideen alde

25 talde politikok hartu dituzte euskararen normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko konpromisoak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 15a, 07:00

Ekimena egiteko eginiko prentsaurrekoan irudia. / Aiaraldea.eus

Positiboki baloratu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskara hauteskunde kanpaina eta instituzioetan erdigunean kokatzeko “Ez we can´t” ekimena. 31 talde politikorekin egin du harreman bira Kontseiluak, eta hauetako 25k hartu dituzte euskararen normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko konpromiso zehatzak.

"Ez we can't" lelotik "Bai we can" egoerara ailegatzeko ekimena aurkeztu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela bi hilabete. Martxoaren 25az geroztik bi dinamika jarri dituzte abian: eragile politikoekin harreman bira eta herritarrei bideratutako sinadura bilketa. Hala, hiru eskaera zehatz egin dizkiete alderdi eta plataforma independienteei: alkategai eta zinegotzi izateko aurkezten dituzten pertsonek gutxieneko euskara gaitasuna izatea, hauteskunde kanpainan euskara presente egotea eta euskararen normalizaziorako 11 neurri zehatz hartzeko proposamena.

Saraubeko mahaian aurkeztuko dute bihar lanketaren emaitza: 31 talde politikorekin osatu dute harreman bira, eta 25k konpromiso argiak hartu dituzte datozen lau urteetan hizkuntzaren biziberritzean aurrera egiteko. "Dinamikaren helburua eskualdeko udal hauteskundeetara aurkezten ziren alderdi eta plataforma politikoei euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatu eta euskara Aiaraldean biziberritzeko konpromiso eraginkorrak eskatzea izan da", zehaztu dute. Aitortza publikoa egiteko antolatu dute ekitaldia: "Oso balorazio positiboa egiten dugu alderdiek emandako erantzunaz, asko eskertzen dugu proposamenak aztertu, landu eta gaiaren inguruan hausnartzeko hartutako denbora eta egindako ahalegina". Interes politikoetatik harago, euskara erdigunean jartzea lortu dutelakoan daude, "ia kolore guztietako taldeek hartu dituzte Euskalgintza Kontseiluak proposatuko konpromisoak".

Legeak babestuta
Espainia zein EAE mailako legeetan oinarritu dituzte eskakizunak, hizkuntza eskubideak benetan errespeta daitezen. Horregatik, konpromiso-hartze horiek egikaritzeko “urrats atzeraezintzat” jo dute dinamika Kontseilu kideek. Izan ere, oinarrizko konpromisoak eskatu dituzte, horien gauzatzea bermatzeko neurriekin batera. Helburuetako batzuk lege-agintaldi honetan gauzatzea espero dute, eta gainontzekoak betetzeko baldintzak sortzea izango dute aurrerantzean xede, “alderdiekin gogoeta ziklo berriak konpartituz”.

Urratsen garrantzia
Hartutako konpromiso guztiak dira garrantzitsuak Kontseiluaren ustetan: “Euskararen biziberritzeak behar duen herrigintza eta instituzioen arteko bide estrategiko partekatua erdiesteko lehen harria da hau”.

Aurrera begira, elkarlana izango da, beraz, euskararen normalizaziorako lanabes inportanteena sustatzaileen iritziz.

Ekitaldia bihar
Bihar egingo dute Aiaraldean atxikitutako 25 talde politikoetako ordezkariekin agerraldia: “Saraubeko mahaiak duen esangura politikoa gogoan izanda, konpromisoak hartu dituzten alderdiekiko aitortza publikoa egitearekin batera, Aiaraldean euskarari aro berri bati ateak ireki zaizkionaren uste sendoa dugu, bide atzeraezin baten lehen urratsak ematen ari gara”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide