Ekitaldia egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gaur arratsaldean Saraubeko mahaian. Aiaraldeko dozenaka alkategaik hartu dute parte ekimenean, "Ez we can't" kanpainari atxikimendua adierazteko.
"Ez we can't" lelotik "Bai we can" egoerara ailegatzeko ekimena aurkeztu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela bi hilabete. Martxoaren 25az geroztik bi dinamika jarri dituzte abian: eragile politikoekin harreman bira eta herritarrei bideratutako sinadura bilketa. Hala, hiru eskaera zehatz egin dizkiete alderdi eta plataforma independienteei: alkategai eta zinegotzi izateko aurkezten dituzten pertsonek gutxieneko euskara gaitasuna izatea, hauteskunde kanpainan euskara presente egotea eta euskararen normalizaziorako 11 neurri zehatz hartzeko proposamena.
Saraubeko mahaian aurkeztu dute lanketaren emaitza: 31 talde politikorekin osatu dute harreman bira, eta 25k konpromiso argiak hartu dituzte datozen lau urteetan hizkuntzaren biziberritzean aurrera egiteko.
Hauek dira konpromiso zehatzak hartu dituzten talde eta alderdi politikoak:
1. Laudioko EH Bildu
2. Laudioko EAJ/PNV
3. Laudioko Omnia
4. Laudioko Elkarrekin-Podemos
5. Amurrioko EAJ/PNV
6. Amurrioko EH Bildu
7. Amurrioko Orain Amurrio
8. Amurrioko GUK Bai
9. Urduñako EH Bildu
10. Urduñako EAJ/PNV
11. Urduñako PSE-EE
12. Aiarako EAJ/PNV
13. Aiarako EH Bildu
14. Aiarako Aiara Batuz
15. Orozkoko Adie
16. Orozkoko EAJ/PNV
17. Orozkoko EH Bildu
18. Okondoko Okondo Aurrera
19. Okondoko EAJ/PNV
20. Okondoko EH Bildu
21. Artziniegako EAJ/PNV
22. Artziniegako EH BIldu
23. Arrankudiaga-Zolloko EH Bildu
24. Arrankudiaga-Zolloko EAJ/PNV
25. Arakaldoko EH Bildu
"Dinamikaren helburua eskualdeko udal hauteskundeetara aurkezten ziren alderdi eta plataforma politikoei euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatu eta euskara Aiaraldean biziberritzeko konpromiso eraginkorrak eskatzea izan da", zehaztu dute. Aitortza publikoa egiteko antolatu dute ekitaldia: "Oso balorazio positiboa egiten dugu alderdiek emandako erantzunaz, asko eskertzen dugu proposamenak aztertu, landu eta gaiaren inguruan hausnartzeko hartutako denbora eta egindako ahalegina". Interes politikoetatik harago, euskara erdigunean jartzea lortu dutelakoan daude, "ia kolore guztietako taldeek hartu dituzte Euskalgintza Kontseiluak proposatuko konpromisoak".
Legeak babestuta
Espainia zein EAE mailako legeetan oinarritu dituzte eskakizunak, hizkuntza eskubideak benetan errespeta daitezen. Horregatik, konpromiso-hartze horiek egikaritzeko “urrats atzeraezintzat” jo dute dinamika Kontseilu kideek. Izan ere, oinarrizko konpromisoak eskatu dituzte, horien gauzatzea bermatzeko neurriekin batera. Helburuetako batzuk lege-agintaldi honetan gauzatzea espero dute, eta gainontzekoak betetzeko baldintzak sortzea izango dute aurrerantzean xede, “alderdiekin gogoeta ziklo berriak konpartituz”.
Urratsen garrantzia
Hartutako konpromiso guztiak dira garrantzitsuak Kontseiluaren ustetan: “Euskararen biziberritzeak behar duen herrigintza eta instituzioen arteko bide estrategiko partekatua erdiesteko lehen harria da hau”.
Aurrera begira, elkarlana izango da, beraz, euskararen normalizaziorako lanabes inportanteena sustatzaileen iritziz.