aiaraldea.eus

[IRITZIA] Prekarietateari aurre egiteko, martxan!

Erabiltzailearen aurpegia Maddalen Muguruza eta Julen Yarritu   Iritzia  Aiaraldea
[IRITZIA] Prekarietateari aurre egiteko, martxan!
"Aiaraldeko gune prekarioen mapa" osatzen ari dira. / Ernai Aiaraldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazteoi pazientzia aspaldi agortu zitzaigun, nazkatuta gaude eta ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Gure hautua argia da: era duinean lan, bizi eta ikasi nahi dugu. Auzolana, burujabetza, herria, jasangarritasuna, parekidetasuna, euskara… ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu.

Bizitza eta kapitalaren arteko kontraesanak erroko aterabide bat behar du, ez dago kapitalismo gizatiarrago bat egiteko aukerarik, ez eta hau erreformatzerik ere. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren premia agerikoa da. Klaseen eta sexu-genero sistemaren banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu batez ari gara.

Agerikoa da, baina, bizitzen eguneroko prekarizazioarekin egiten dugu topo. Kapitalaren mesedetan bizitzaren debaluazio etengabea zaigu gazteoi. Itsu, mutu eta gor nahi gaituzte, euren makinariaren pieza soil. Baina gazteok aspaldi egin genuen begiak ireki eta ahotsak altxatzeko hautua.

Aiaraldean, hamarnaka dira orainaren jabe izateko eman ditugun urratsak eta ehunka gara bide honetara elkartu garen gazteak. Manifestazioak, martxak, lantegien okupazioak, asanbladak, hitzaldiak, elkartasun ekimenak...

Bide berdinetik jarraitzeko determinazioz jarraitzen dugu, martxan gara Aiaraldean prekarietateari aurre egingo dion gazte olatua ardazteko.

Miseriara kondenatu nahi gaituzten horiei kareta kenduko diegu hurrengo aste eta hilabeteetan. Izen eta abizenak baitituzte eta asko dira: ETTak, lantoki prekarioak, joko aretoak...

Aiaraldean lan, bizi eta ikasi nahi dugula ozen aldarrikatuko dugu, ez dago geldituko gaituenik!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa