Bizitza egongo da "Game of Thrones" bukatu ostean? (kontuz, spoilerrak!)

Aitor Aspuru Saez 2019ko mai. 22a, 07:02
Daenerys Targarien pertsonaiaren ilustrazioa. / Wikipedia

Game of Thrones telebista saioa amaitu zen asteleheneko ordu txikietan eta mundua ez da amaitu, hedabideetan kontrakoa iruditu arren. Telebista saio famatuaren eskualdeko aldeko eta kontrako jarraitzaileek kontatu digute nola egingo dioten aurre bizitzari hemendik aurrera.

Ez gaitezen engainatu. Zerbait modan jartzen denean, hedabide guztiok jotzen dugu fenomenora etekinen bat ateratzeko. Berdin dio Pokemon Go, futbola, edo Game of Thrones izan. Are gehiago, azken telesaio horren eragina hain handia izan denez, alderdiek ere saiakera egin dute bereganatzeko, Pablo Iglesiasek egin zuen moduan bere garaian.

Berez, arrakasta arrastoari jarraiki, azken asteetan Game of Thronesen burbuila hainbeste puztu da komunikabidetan, ezen ematen baitzuen eguzkia ez zela aterako bere amaieraren ostean. Ordea, eguzkia atera da eta bizitzak jarraitzen du. Ixone Retes amurrioarrak argi eta garbi azaltzen du, nahiz eta zale amorratua izan: "Telesail honek lortu du inoiz izan ez dudan zaletasuna inongo telesailekiko, eta zaila izango da erakargarritasun hori errepikatzea, baina bizitzak aurrera darrai eta badugu gure egunerokotasunean arazo eta borroka nahikoa fikzioa baino ez den gauza batean pentsatzeko".

Game of Thrones: arrakastaren gakoa
Hala ere, has gaitezen telesaioaren onarpenaren sekretua bilatzen. Horretan jarraitzaile guztiek egiten dute bat. Uxue Alberdi orozkoarraren aburuz, gidoian dago gakoa: "Gehien gustatzen zaidana da ez dela istoria tipikoa non onek beti irabazten duten, eta espero duzuna gertatzen den, denok gogoratzen dugu ezkontza gorria".

 

"Intriga politikoek eta ohiko errege eta erreginen ipuina ez izateak eman dio arrakasta Game of Thronesi"

 


Gorka Luengo laudioarraren ustez, "intriga politikoa" da garrantzia gehien duena istorioan, fantasia baino gehiago. Retesek bide horretatik jo du ere: "Boterearen nondik norakoak agertzen dira. Gaur egungo politikarekin nolabaiteko alderaketa egin daiteke. Pertsonen printzipioak eta baloreak norainokoak diren, edo botereak nola eragiten duen edo ez pertsona batzuen ideietan, izaeran edo portaeran".

Telesaioa eta liburuak
Game of Thronesen jarraitzaileak, oro har, bitan banatzen dira. Telebista saioa ikusi dutenak eta liburua irakurri dutenak. Lehen taldean iritzia hobea da telebista saioaren inguruan. Ixone Retesen esanetan, "balorazio orokorrean, hamarretik hamar".

 

Xabi Ortiz de Zarate liburuen irakurlea da, eta uko egin zion telebista ikusteari, uste baitu detaile ugari galtzen direla saioan

 

Aldiz, irakurleak izan direnek, bestelako iritzia agertu dute. Gorka Luengok leporatzen dio telesaioari fantasiari pisu gehiegi ematea politikaren kalterako: "ibiltari zurien gaia ez da ia lantzen, debekatua dago, eta dragoiena oso azaletik".

Horrez gain, Luengoren ustez, pertsonaien sakontasuna nabarmen galdu da, politika landu ez den heinean. Xabi Ortiz de Zarate artziniegarra irakurlea ere bada, eta telebista saioa ikusteari uko egin zion atal gutxi batzuren ostean: "Liburuak oso aberatsak dira detaileetan, telebista saioa ez bezala. Nik buruan nuena eta pantailan ikusitakoa oso bestelakoak ziren eta uste dut liburuak askoz hobeak direla".

Azken denboraldia
Irakurle edo ikusle izan, Game of Thronesen azken denboraldiak adostasuna sortu du zaleen artean. Gorka Luengoren hitzetan, oso azkar itxi dituzte istorioaren adar guztiak, "gidoi akats ergelekin. Lehenengo denboraldietan hori pentsaezina zen".

Ixone Retesek ere antzeko iritzia du: "Hasierako ataletan denbora gehiago ematen zuten guztia azaltzen eta egoera bakoitza azaltzeko, erabiltzen zuten denbora hori da erakarri ninduena eta bukaerako atalak arinegiak iruditu zaizkit".

 

Azken denboraldian korapiloak azkarregi askatu dituztelauste dute zaleek eta amaierak zapore gazi-gozoa utzi die

 

Gauzak horrela, balorazioak ez dira guztiz onak amaierari dagokioenan. Uxue Alberdik gehiago espero zuen: "Epikoagoa espero nuen eta horregatik ez nau konbentzitu. Hala ere, Sansak iparraldean independentzia lortzeak kriston puntazoa iruditu zait. Emakume bat espero nuen erregina izatea, eta iparraldean lortu dute, baina beste 6 erreinuak berdin jarraitzen dutela uste dut. Errege moduan ez dago beste errege baten semea, edo oinordeko legitimoa, baina gobernuan betikoak daude, denak gizonak, Brienne izan ezik, ez da ezer ez aldatu. Benetako aldaketa espero nuen".

Gorka Luengok eskasa dela deritzo, baina, aldi berean uste du George R. R. Martin idazleak bide hori har dezakeela falta diren liburuetan, detaile gehiagorekin eta pertsonaia ororen tramak itxita, Stark familian zentratu baita saioa: "Jende orok nahi zuen Jon Snowen eta Daenerysen ezkontza, baina hau ez da ohiko errege eta erreginen ipuina".

Amaieraren inguruan mintzatzeko orduan, Ixone Retesentzat arazoa da ez zuela bukatzea nahi: "baina hipotesi askoren ostean iparraldeak merezi zuena lortu duela deritzot, Jon Snowek ezagutu izan zuen benetako askatasunera itzultzen da bere lagun leialaren alboan (Fantasma) eta beste herrialdeek historian zehar izan dituen akatsak ez errepikatzeko izan ditzaketen agintari onena lortu dute, demokrazia hobea iruditzen zaidan arren. Aryak (nire pertsonaia gogokoena) beste bukaera bat izango zuela uste nuen, baina esan dudan bezala, kontuan hartuta telesaila bukatzerik ez nuela nahi, orokorrean bukaera ona izan du. Danerysen heriotzarekin (tirana hutsa) hainbestetan aipatu izan duen gurpila hori hautsi egin da".

Eta orain zer?
Telebista saioak aisialdi ordu ugari bete ditu azken 8 urteetan. Esaterako, Uxue Alberdi gaueko 02:45ean esnatu zen azken atala ikusteko, eta Ixone Retesek ere gauez egin zuen hitzordua hiru lagunekin, amaierari elkarrekin aurre egiteko.

Eskualdeko bi emakumeek ibilbide oso ezberdinak egin dituzte. Uxuek lehen ataletik jarraitu zuen eta Ixonek 7. denboraldira arte itxaron zuen, gero dena jarraian eta ziztu bizian ikusteko. Hala eta guztiz ere, biek pentsatuko dute liburuak irakurriko ote dituzten etorkizunean. "Liburuak ere irakurri nahi ditut, denak daudenean, baina erritmo honetan George R.R. Martinek bukaera barik utziko gaitu. Eta beti dago "Canción de hielo y fuego"-ren Wikia irakurtzeko, non jendeak kriston lana egin duen unibertsoko liburu guztien informazioa batzen. Gainera, badakit spin-off bat prestatu dutela; La larga noche, non GOT baino 1000 urte lehenagoko istorioa azalduko duten", dio Alberdik.

Gorka Luengok, aldiz, ez du faltan botako telesaioa, ez baita gai izan berak espero zuena asetzeko: "Niri ez dit hutsunerik utziko. Westworld, The man in the high castle edota The handmaid´s tale telesaioak daude ere. Nire ustez, telebista saio batek arrakasta duenean, bi bide har ditzake; koherentea izatea edo arrazoi barik luzatzea (The walking dead, Dexter, Lost edo Homeland lanekin gertatu zen bezala). Game of Thronesekin antzeko gauza gertatu da. Zaleek nahi zuten gauza bat eta gidoilariek hori egitea nahiago zuten, baina istorioaren joera beste bat zen, eta gatazka horretan ez dute jakin izan edukiak kudeatzen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide