Emaitza, eguraldiaren menpe

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 31a, 18:14

Eguraldiak eragin nabarmena du mahastiek ematen duten uztan. / Aiaraldea.eus

Eguraldiak zeharo baldintzatzen du txakolinaren uzta. Iazkoa, esaterako, oso txarra izan zen izozteek eragindako kalteengatik. Ondorioz, ekoizpenaren zati handi bat geratu zen ezerezean; hots, galera handia izan zuten ekoizleek. Nolako baldintza klimatologikoak behar ditu txakolinak zapore eta zenbaki onak uzteko?

Nolako eguraldia, halako uzta. “Duela 40 urteko eskualdeko klima ez da oraingoa bezalakoa”, baieztatu du Jose Antonio Merino Arabako Jatorrizko Txakolinaren kudeatzaileak.

Nabarmen baldintzatzen du  eguraldiak jarduna. “Mugako uda eta neguak eta udaberri zein udazken leunak dira guretzat baldintza onenak, hau da, eguraldia ez aztoratzea, bilakaera arrunta izatea”. Egoera ideala honakoa litzateke, adituaren ustez: negua hotza izatea, udaberrian neurriko euriteak,  uda beroa eta udazken leuna.

Eguraldiaren arriskuak
Eguraldia mehatxua da beti uztarentzat, ezbairik gabe. Izan ere, izozteek eta muturreko bero jasek mahastiak izorratzen dituzte. 2017ko uzta, esaterako, izugarria izan zen: “Izozteek ekoizpenaren erdia bidali zuten pikutara. Ondorioz, saldu ezin izan duzun guztia galera bihurtzen da. Eta horri aseguru eza gehitzen badiozu are gehiago. Horregatik nabarmentzen dugu beti seguruaren garrantzia, bestela merkatua galtzen duzu eta”, zehaztu du. Hamazortzi urte daramatza Merinok Arabako Txakolinarekin lanean, eta iazkoa izan zen haren ustez sarraskirik handiena.

2018ko uztaren pronostikoa
Zaila zaio Merinori aurtengo uztaren nolakotasuna aurreratzen: “Beti erratzen zara. Oztopoen lasterketa da gurea, orain euria etorriko baita berriro”.

Izozteen garaia, atzean utzi dute behintzat: “Badirudi lur sail handiek biziraun dutela. Ezin dugu pronostikorik egin, laster euriteak etoriko direlako, gero bero zapladak....”. Aste honetan jasoko dituzte unibertsitatetik 2018ko uztaren azterketa txostenak. Horrenbestez, igandean -ekainak 2- aurkeztuko dute iazko lanaren balantzea, Amurrion ospatuko den Txakolin Egunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide