Arabako Euskaraz jaira joateko autobusa antolatu dute Laudio eta Amurrioko Udaletako Euskara Arloek. Ekainaren 16an izango da festa hori, Gasteizen. Autobusa 10:15etan aterako da Amurrioko Araba kaletik, eta 10:30ean igaroko da Laudioko Institutuaren paretik, bertan dauden bidaiariak hartzeko. 19:30ean izango da itzulera.
Ekainaren 13a (datorren asteko osteguna) izango da autobusean izena emateko azken eguna. Laudioko Udaletxean (Euskara Arloan) eta Amurrioko Kultura etxean lortu ahal dira txartelak, 6 euroren truke.
Okondotik ere autobusa antolatu dute. 10:00etan aterako da Batzokitik eta Txaparrotik, 19:00etan itzultzeko. Sarrerak 8 euroren truke eskuratu daitezke udaletxean, ekainaren 13a baino lehen. Artziniegan, 9:30ean aterako da Bizkaibusen geltokitik. Sarreren prezioa berdina izango da eta udaletxean eskuratu ahalko dira osteguna baino lehen.
Armentia Ikastolak antolatuko du aurten jaia, 25 urte betetzen baititu. Egitarau oparoa egongo da hiriburuan goizetik arratsaldera arte.