Hezkuntza publikoan aritzeko 1.867 lanposturen deialdi publikoa egin du Eusko Jaurlaritzak, Haur eta Lehen Hezkuntzetarako, musika kontserbatorioetarako eta hizkuntza eskoletarako irakasleak hautatzeko. 7.988 pertsonek parte hartuko dute postu horiek ebazteko oposaketetan. Barakaldoko BECen egingo da lehen proba, igande honetan -ekainak 16-.
Aiaraldean pertsona ugari batu dira ikasketa-maratoira. Sarai Perez Prieto da horietako bat. Duela bi hilabete hasi zen azterketa “serioski” prestatzen. “Hasiera batean ez nuen lan egiten eta nire asmoa zen azterketa hobeto prestatzea. Baina urrian lanean hasi nintzen Gasteizen jardun osoz, eta seme-alabak ere ditut gainera”.
Gauzak hala, asteburuak baliatzen ditu laudioarrak ikasteko. “Lan-talde bat osatu dugu oposaketetan parte hartuko dugunon artean”. “Trebatzea” izango da Perezen helburua, etorkizunean plaza lortzeari begira. Azterketari dagokionez, formatua aldatu beharko litzatekeela uste du. “Alde batetik, gaitegia oso zaharkitua dago. Gainera, gauzak buruz ikasi behar ditugu eta lan hori jada eginda daukagu: denok egin ditugu unibertsitateko ikasketak. Orain pisu gehiago eman diote kasu praktikoari baina, edonola ere, aldaketa handiagoa egon beharko litzateke”.
Hurrengo erronka
Igandeko azterketa gainditzen dutenek bigarren erronka bati heldu beharko diote. “Maiatzarren 15ean programazio didaktikoa aurkeztu genuen. Lehen azterketa gaindituz gero programazio hori defendatu beharko dugu epaimahai baten aurrean”, azaldu du Perezek.
Helmuga berdina da guztientzat: plaza lortu ahal izatea, zerrendetan egoteak dakarren ezegonkortasuna ekiditeko. “Aurten urte osoa eman dut toki berean, baina normalean aste batean ikastetxe batean aritzen zara eta hurrengoan beste batean, ez duzu jarraipenik”.