Hiru sari eta kategoria izango ditu Aiaraldea hedabidearen Udako argazki lehiaketak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko eka. 21a, 07:04
Endika Arribas eta Ainara Berrocalek irabazi zuten iaz lehiaketa. / Aiaraldea.eus

Irailaren 21era arte egongo da argazkiak bidaltzeko aukera. Erabiltzaileek aukeratuko dituzte irudi irabazleak, boto bidez. 

"Udari klik" argazki lehiaketa abiatu du Aiaraldea hedabideak. Helburua informaziotik haragoko eskaintza osatzea da. Hiru kategoria izango ditu aurtengo edizioak: talde argazkiak, Aiaraldea eta mundua. Parte hartzeko bide ugaritatik bidali ahalko dira lanak. Batetik, whatsapp aplikazioaren bidez, 688848152 zenbakira mezua igorrita. Bestetik, erredakzioa@aiaraldea.eus postara argazkia bidalita eta, azkenik, sare sozialetan -Facebook, Twitter eta Instagramen- #udariklik traola baliatuta. Irudiarekin batera, argazkiaren izenburua, izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa jakinarazi beharko dituzte parte hartzaileek.

Hiru sari
Osabarena hotel eta jatetxea, Orduña Plaza Hotela eta Guzurtegi jatetxea izango dira lehiaketako babesleak; hots, sari emaileak. Taldekako argazkien modalitatean Orozkoko Osabarena Hotelean talde batentzat 75 euro arteko otordu bonua izango da saria. Eskualdeko irudirik onenaren egileak, berriz, Urduñako Hotel Orduña Plazan bi lagunentzat gauaz eta spa zirkuituaz gozatzeko aukera izango du. Eta mundua kategoriako lan hautatuak, berriz, Maroñoko Guzurtegi landetxe eta jatetxean bi lagunentzako asteburuko menua jasoko du.

Bi fase
Iaz bezala, herritarrek erabakiko dute zeintzuk diren lanik onenak, boto bidez. Hala, irailaren 21 arte egongo da argazkiak bidaltzeko epea, eta irailaren 21etik 30 arte iraungo du bozketa faseak. Webgune honetan ikusi ahalko dira egunero jasotako lanak; baita bozketa faseko emaitzak ere. Horrenbestez, urriaren 1ean jakinaraziko dira udako argazki lehiaketako irabazleak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide