Indesa enpresan Aiaraldeko 100 lagun baino gehiago daude kontratatuta. Guztira, 850 inguru dira. Pasa den ostiralean langile batzordeak mobilizazioa deitu zuen Gasteizen eta eskualdetik autobusa antolatu zuten protestan parte hartzeko.
Berez, beharginek salatu zuten gutxiengo soldata kobratzen dutela guztiek -hau da, 900 euro hilero gutxi gorabehera- eta 40 euroren tartean 4 kategoria daudela.
Horrez gain, langile batzordeko presidentea den Begoña Ozaetak azaldu du enpresak bere emaitzak nabarmen hobetu dituela azken urtean kontratatuen baldintzak prekarizatu ostean. Bereziki, lan karga handitu zaie.
Langile batzordearen aburuz, enpresa publikoa da, "baina praktikan Arabako Foru Aldundiko azpikontrata merkea gara, ez baikara funtzionarioak".
Izan ere, Indesak aniztasun funtzionala duten pertsonak kontratatzen ditu gizarteratzeko eta lan merkatuan sartzeko. Berez, Arabako Foru Aldundia da jabe nagusia (%98ko parte hartzearekin). Hainbat udalek eta Osakidetzak berak ere parte hartzen dute proiektuan.
Bere beharginek ospitaleen arroparen eta gizarte etxe eta egoitzen garbiketa egin dute. Horrez gain, egoitza eta eskoletako janariaren prestaketa eta lorezaintza ardurak ere dituzte.
Uda heldu denez, Indesako langileek aurreratu dute, momentuz, ez dutela asmorik mobilizazio gehiago egiteko, baina jakinarazi dute irailean protesta gehiago antolatuko dituztela. "Ez gara kalera atera jendeak gure aurpegiak ikusteko, baizik eta lan baldintzak aldatzeko", argitu du Begoña Ozaetak.