"Atezain postuan jokatu nahi izan dut betidanik, baina aurrelari moduan golak sartzen nituenez, taldeetan ez zuten nahi"

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 2a, 09:55
Sarai Gandaris Gordon atezain postuan jokatzen hasi da aurten. / Aiaraldea.eus

SARAI GANDARIAS GORDONek (Luiaondo, 2007) ekainaren bukaeran Futbol emotion dendak antolatutako futbol txapelketa irabazi du. Zehazki, Estatu Espainiarreko atezain onena hautatzen dute eta Saraik kimu kategorian irabazi du.

Zer da zehazki berriki irabazi duzuna?

Txapelketa bat da eta horri esker Adidas markaren eta futbol emotion dendaren babesa eskuratu dut urtebetez. Futbol emotion dendak abiatu zuen Estatu Espainiarreko atezain onena laguntzeko eta hautatzeko. Neska batek aipatu zion nire aitonari existitzen zela eta berak nire amari esan zion.

Non jokatu da txapelketa?

Estatu Espainiarreko leku ezberdinetan izan zen lehen kanporaketa. Nire kasuan Santurtzira joan nintzen probak egitera eta, behin hori gaindituta, Madrilgo Colmenar Viejon izan zen finala.

Berez, lehiaketa mistoa izan da, hau da, mutilen kategoria beran aritu naiz. Guztira, 500 gaztek baino gehiagok parte hartu dugu Valentzian, Zaragozan, Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan.

Nolakoak ziren probak?

10 “posta” zeuden eta bakoitzean atezain batek behar dituen ezaugarriak lantzen ziren: jaurtiketak gelditu, oinarekin baloia jokatu, eskuz ere baloia ateratzea jokatuta, nola botatzen nintzen ere aztertu zuten...

Entrenatzaileez osatutako epaimahai batek baloratzen zuen dena.

Noiz jokatu zenuen finala?

Ekainaren 22an, egun berean joan ginen. Aurretik egindako proba berdinak egin genituen finalean.



Uste zenuen irabazteko aukera zenuela?

Bai. Uste nuen baietz, baina itxaron behar izan genuen entrenatzaile guztiak batu eta eztabaidatu arte. Guztiok dortsal bat genuen eta nire zenbakia esan zuten.

Edizio hau irabazi ostean, asmoa daukazu hurrengoan parte hartzeko?

Ez dakit. Hurrengoa Bartzelonan izango da.

Non jokatzen duzu orain?

Ugaoko futbol taldean hasi naiz denboraldi honetan eta oso gol gutxi jaso ditut. Aurretik Altzarraten jokatu nuen. Berez, 7 urterekin hasi nintzen jokatzen, baina aurten hasi naiz atezain moduan. Amurrioko Etorkizuna talde mistoan ere egon nintzen.

Zein postuan jokatzen zenuen lehen?

Aurrelaria nintzen, baina nik atezaina izan nahi nuen. Gurasoek esaten zidaten agian ez nuela gogoko izango eta taldeetan ere ez ninduten aldatu nahi, golak egiten bainituen. Saiatu ziren ni konbentzitzen aurrelari postuan jarraitzeko.

Eta zein da zure asmoa?

Athleticeko jarraitzailea naiz. Beraz, talde horretan jokatu nahiko nuke.

Zein da, zure ustez, zure indargunea atezain moduan?

Altuera erdiko jaurtiketak gelditzeko botatzea.

Eskolan ere jokatzen duzu futbolean?

Bai, atezain moduan aritzen naiz. Mutilekin jokatzen dut, baina gehienetan ni naiz neska bakarra, askok ez baitute futbola gogoko. Guztiek nahi dute euren taldean egotea. Ikastolan beti jokatu izan dut ni baino nagusia goak diren mutilekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide