[ANALISIA] Ze pagotxa Tubacexen lan egitea, baldin eta ez bazara hiltzen

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 4a, 19:27

Langileek bere postuak utzi dituzte gaur istripuaren berri izan dutenean. / Aiaraldea.eus

Tubacex enpresan lan egiteko irrikan dago eskualdeko zein kanpoko jende ugari, baina gaurko hildakoarekin 3 dira istriputan hil diren beharginak azken 9 urteetan.

Argi dago Lanbide Heziketa ikasten dutenek hautatzeko aukera izanez gero eskualdean, Tubacex enpresan lan egitea aukeratuko luketela. Soldata ondo dago eta 8 orduko lanaldia bukatu eta gero, etxera itzuli zaitezke ardura gehiagorik gabe. Plan bikain horretan oztopo bakarra dago, etxera onik itzuli behar zarela, jakina.

Izan ere, azken 9 urtetan, eta gaurko hildakoa gehituta, 3 behargin zendu dira bere lanpostuan Laudion eta Amurrion. 2010ean Ugaoko gazte bat izan zen eta 2013an azpikontrata baten 41 urteko behargina. Gaur, ordea, Laudioko mutiko bat zendu da.

Istripuaren ostean egindako langile batzarrean kide batek horrelaxe aldarrikatu du: "berdin dio hilero 2.000 edo 3.000 euroren truke izatea, ez da posible langile bat etxera ez itzultzea".

Litekeena da artikulu hau idazteko odola beroegi izatea nire zainetan, baina eskualde honetan denok ditugu lagun minak, estimuan ditugun ezagunak edo senideak Tubacex enpresan lan egiten eta, gainera, lantegian bertan informazioa jarraitzea egokitu zait.

Jakina, konpainia ezaguna da ondo ordaintzen duelako, mozkin handiak sortzen dituelako eta politikoki alderdiek zaintzen dutelako -eskuinekoek bereziki-.

Ez da hain ezaguna, ordea, azkenaldian langileek behin eta berriro salatzen duten prekarietatea. Euren aburuz, azpiegituretan ez da beharrezkoa inbertitzen segurtasuna bermatzeko -etekinak garrantzitsuagoak direlako-. Esaterako, gaur istripua mantenuan gertatu da, eta, antza, sail horretan, ordezko pieza gutxi eta ez egokiak dituzte. 

Horrez gain, kide berrien trebakuntza, lankide zaharren iritziz, ez da nahikoa. Horri gehitu behar zaio jende askok behin behineko kontratua duela. Mantenuko langile batek azaldu duenez: "behin behineko langilea zarenean, enpresa pozik izan nahi duzu eta segurtasun irizpideak ez dituzu guztiz jarraitzen. Bi langilek egiten dutena zuk bakarrik egiten duzu, arazoak ez sortzearren, adibidez. Gainera, gaur egun ez daude langile nahiko segurtasunez gauzak egiteko, eta udan are gutxiago, oporrak daudelako eta postu asko ez direlako ordezkatzen".

Berez, formazio horren faltaren eredu moduan jarri dute gaur istripua jasan duen gaztea, Dual programa egiten egon baita orain dela gutxi arte. Hau da, hilabetez ikasten eta lanean aritu da praktiketan.

Gure ordezkari politikoek eta konpainiako zuzendaritzak berak Tubacex saltzen dute maiz Euskadiko enpresa ikur bezala, baina bistakoa da heriotza aztarna ugari daudela bere lantegietan. Agian garaia da eskatzeko agintari horiei dominak jartzeko bakarrik ez egoteko, eta horrelako egoerak ekiditeko ere zerbait egitea, 9 urtetan hiru langile hiltzea ezin baita kasualitatea izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide