[NOIZNAHI] Lagun artean barbakoa egiteko eskualdeko guneak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko uzt. 12a, 12:42

Maroñoko urtegikoa da barbakoa edo mokaduetarako toki hautatuenetako bat. / Ruben Ladron de Gebara

Aiaraldean ugariak dira parrilladak egiteko guneak, baita "merenderoak" ere.

Eguraldia lagun, nork ez du kanpoan mokadutxoa egiteko apeta sentitu? Aiaraldean badira barbakoak egiteko zenbait gune egokitu.

Artziniegako Arteko Amaren landa da horietako bat. Santutegiaren aldameneko zelaietan lau barbakoa euskarri daude, komun publikoekin gainera. Bestalde, ping-pong mahaia, iturria eta aparkaleku zabala daude.

Maroñon, berriz, urtegiko larregunean kokatua dago mokaduak egiteko mahaien eta parrillen gunea. Gorobeleko mendilerroa begista liteke gainera bertatik, Tologorri eta Ungino kasu. 

Laudion baimendua dagoen toki bakarra Santa Anakoa da, Aretan kokatua. Eta, Baranbion, Garrastatxuko ermita.

Arabako Foru Aldundiak sute arriskua ekiditeko toki horietan baino ez du baimendu jakien erreketa. Irailaren 21 arte iraungo du debekuak. 

Bizkaiko lurretan ere topa litezke makina bat leku. Urduñan, esaterako, Latetako iturria eta Txozakoa daude. Antzinako Amaren santutegitik gora doan errepidearen aldamenean daude biak ala biak. Lehenbizikoak erreka du aldamenean, eta bigarrenak Iturrigorriren magala. Zelaiguneez gain, iturriak dituzte aipatutako tokiek. Bestalde, Arbietoko kirol eremuan mahai eta parrilla andana daude, komun publikoekin batera. 

Orozkon, ordea, Ibarran, Santa Marinan eta Katadion daude erretokiak. San Migelera hurbiltzen dira hainbat orozkoar ere, nahiz eta parrillarik ez eduki.

Arrankudiaga-Zollon, berriz, Madalenako aterpea da sua pizteko egokitutako gune bakarra. 

"Merenderoak" eta zabalguneak
Askoz gehiago dira, ordea, mahai eta  eserlekuak dituzten eremuak. Guzti horiek zeharo baliagarriak dira mendi, aisialdi edo lagunarte planak egiteko.

Arrankudiaga-Zollon Iberlandako parkea dago, esaterako. Mahaiak eduki ez arren, zelai aparta du aisialdirako, haurren jolas parkearekin batera. 

Aiaran, Etxaurrengo ermitak bista eta atsedentoki paregabea eskaintzen du. Kexaara iritsi aurretik, Etxaurrenerako bidea hartu behar da bertara ailegatzeko. Luiaondoko Santo Domingoko baselizaren kanpoaldean ere daude mahaiak. 

Amurrion, San Roke auzoa da mokadutarako gunerik ospetsuena. Izan ere, mahai eta itzalerako zuhaitz mordoa daude. 

Laudioko San Joan Astobitzako ermita inguruak ere dauka mahai buelta. Ermualden ez dago mahairik, baina bertako zelaiek eta arrokek mendi buelta edota aisialdirako aukera ematen dute; mokadutxo batekin lagun daitekeena.

Artziniegatik gertu, Erretes Tudelak ere eskaintzen du mokadurako espazioa eta paisaia polita. Hain zuzen, Gorobel eta Carbonilla mendilerroak begista daitezke. Iturria, kolupioak eta aparkalekua ditu; eta 20 metrora kobazulo zein begiratoki bat daude.

Gorbeiako parke naturalaren baitan, Orozkoko leku hauek ere daude eskura: Elezkin, Altzagorta eta Belaustegi. Janari eta bistekin indarberritzeko, beraz, ez da aukerarik falta eskualdean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide