[IRITZIA] Jaien harira, eskualdeko alkateen mezuak ezagutu nahi?

Erredakzioa 2019ko abu. 6a, 09:20

Eskualdeko alkateei herritarrei zabaldu nahi dieten mezua galdetu diegu. / Aiaraldea.eus

Jaietan murgilduta dago Aiaraldea, tokian toki. Izan ere, udan pilatzen dira festa gehienak. Alkateek herritarrei zabaldu nahi izan dieten mezua jakin nahi?

 Arakaldon izan ezik, ate joka daude gainontzeko eskualdeko herrietan jaiak. Auzo, kale eta udalerrietako festak izango dira nagusi datozen asteetan. Datozen 4 urteetan alkate izango diren gobernuburuen hitzak bildu ditugu.

ANDER AÑIBARRO MAESTRE, LAUDIOKO ALKATEA
"Egun hauetan nabari da nola hedatzen ari den jai kutsua Laudion, nola prestatzen den guztia eztanda bat jasotzeko: alaitasunezkoa, adiskidetasunezkoa, elkarrekin topatzekoa, beste urte batez batzen gaituen guztia partekatzeko zorionekoa.Nire lehen mezua esker on zintzoa adierazteko da, bereziki jai-egitaraua osatzen duten ekitaldiak hilabete batzuk lehenagotik prestatzen eta antolatzen dabiltzan elkarte, jai-talde eta abarrei. Horiek gabe ezingo litzateke gozatu hain egitarau osatua, erakargarria eta, batez ere, guztiona.

Jai-taldeen eta elkarteen lana ez ezik, garrantzitsua da gutako bakoitzarena, berdin nagusi, txiki zein gazte izan. Gure partaidetza, alaitasuna eta umore ona direlako betidanik gure jaiak handi egiten dituztenak.

Baina ez dugu ahaztu behar, aldi berean, gure jaiak topagunerako lekua izan behar dutela, errespetu eta tolerantziarakoa, elkarbizitza sanoan gozatzeko espazioa eta, batez ere, uneoro gogoan izateko EZ, BETI DA EZ mezua. Soilik horrela jarraitu ahalko dugu hazten eta handitzen herri gisa.Amaitu nahiko nuke, ongietorria egiten egunotan Laudiora hurbilduko diren pertsona guztiei. Espero dut gure jaiez gozatzea"

JOSUNE IRABIEN MARIGORTA, AMURRIOKO ALKATEA
"Amurrioar agurgarria, Amurrioko jaiak bertan ditugu. Guztiok nahi dugun unea da, egunerokoa haustearekin batera guztiontzako jardueretan gozatzeko balio digu.Sei egunetan zehar jai-giroan murgilduko gara kultura, kirol eta jai-jardueretan. Herri-festa hauetan tolerantzia, begirunea eta elkartasuna ardatzak izango dira guztiok berdin-berdin gozatzeko. Jai-programa honetan parte hartzen duten talde zein pertsona guztiei biziki eskertu nahi diet eginiko lana jaiak gero eta hobeak izan daitezen. Halaber, aurtengo jaietan gure artean ez direnak gogoan izan nahi ditut eta lehenengo aldiz hemen, Amurrion, daudenei ongi etorri esan.

Jaiak gozatzeko dira, guztiontzat, eta errespetua eta tolerantzia abiapuntu batetik, izan ere, Amurrion ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.Jaietan errespetu osoz eta parte hartzeko gogoekin, izan gaitezen jaiaren parte!"


GENTZA ALAMILLO, AIARAKO ALKATEA
"Elkarrekin arituaz auzokideak auzo-lagun bihurtzen direnean; auzolana, festa giroaz janzten dugunean; festa zaletasuna errespetu osoz, jai erraldoi bilakatzen denean.Momentu horiek guztiak urtean behin baino ez ditugu, sortu, bizi eta gozatzeko aukerarekin. Urtean behin, gure herri txikiek, euren usadio eta euren txoko maiteak bertaratzen diren guztiekin -txiki, handi, bertoko, atzerritar edo despistatutako bat edo besterekin- partekatu eta une gogoangarri bihurtzen dituzte, AIARAKO JAIEN hazia ereinda. Tradizioari eutsiz, belaunaldi berriei lekukoa utzita, talde lanari merezi duen garrantzia eskainita… horrelaxe egin dituzte handi gure auzokideek euren jaiak eta, horrenbestez, euren herriak. Eta guk ere, Aiarako Udala osatzen dugun emakume eta gizonok, euren ahalegina eskertu bakarrik ez,… aintzatetsi ere egin gura dugu eta betetzen duten papera lau haizetara aldarrikatu: zuek egiten dituzue jai herrikoiak handi,…zuena da lana eta zuena saria…eta guk, bertaratzen garen pertsonok, eskerrak ematen dizkizuegu. Izan ere, zuek zarete gure jaien euskarria eta etorkizunera begirako bermea"

JON ESKUZA DEL CAMPO, OKONDOKO ALKATEA
"Gure jaiak hastear daude. Abuztuan, herria alaitasunez betetzen da, lehenengo, San Romango jaiekin, eta ondoren, San Bartolomekoekin.Denontzako tokia egin eta gustu zein adin guztietarako hamaika ekitaldi gastronomiko, ludiko eta kultural antolatu ditugu, hori baita Jai Batzordeak eta Udalak festetarako egiten duten esfortzuaren helburu nagusia.Aurten, bereziki, abuztua ekitaldiz beteta izango dugu, San Romango jaiak pasa ondoren eta San Bartolomekoak hasi baino lehen Agility txakur txapelketa izango baitugu herrian.Horregatik animatu nahi ditut herritarrak eta gure herrira etortzen diren guztiak arazoak alde batera uztera eta disfrutatzera. Egun polit batzuk pasa ditzagun; jaiak, errespetuz, tolerantziaz eta berdintasunez beteak izan daitezela nahiko nuke. Abuztuan jaietan jai, lagunekin eta familiarekin gozatzeko prest, betiere egun hauetan gurekin egon ezin direnak oroimenean izanda.Festazaleak eta ondo pasatzeko gogoa duten pertsona guztiak ongi etorriak dira. Ondo pasa jaietan!Gora Okondo eta okondoarrak!"

ITZIAR BIGURI UGARTE, URDUÑAKO ALKATEA
"Uda heldu da eta gure odola borborrean jartzen da. Egutegiari begira jartzen gara herriz herri dauden jaiak apuntatzeko, ez dugu bat ere ahaztu nahi. Ondo antolatu beharko dugu agenda herri guztietara joan nahi badugu! Ekainean hasi eta irailera arte topera egoten gara, ez dugu ondo pasatzeko aukera galdu nahi. Goizean hasi eta gauera arte kalean, asko gustatzen zaidan talde hori ikusi eta eguna egin arte dantzatzen egongo naiz. Bai, horrela izan da beti, uda jaiekin lotzen dugu. Eta horrela gertatzen da gure Urduñan. Auzoko eta Larruazabalgo herrietako jaien zain egoten gara. Terreroko jaiekin hasten gara eta Belandiakoekin bukatzen dugu. Noski Urdufolk irailaren hasieran dugula! Hala ere, garrantzitsuena ez da jaiak noiz diren gogoratzea, jaiak auzolanari esker antolatzen direla kontuan hartzea baizik. Eskerrak oraindik ere auzoetan eta herrietan jende animatua dagoen urte askotan zehar antolatu izan diren jaiak ez galtzeko! Horretan ere ardura handia dugu Udal mandatariok, modu batean edo bestean jai horiek mantentzea izan behar da gure helburua, eta hor egongo gara ahal dugun eta laguntza gehien emateko"

TXUTXI ARIZNABARRETA, ARRANKUDIAGA-ZOLLOKO ALKATEA
"Andramari, kofradia eta berakatz eguna. Alaitasuna, umorea eta bizipoza. Hemen dira, barriro ere, Arrankudiagako jaiak. Gure herriaren nortasunaren adierazgarri. Urtean zehar izaten diren gorabehera guztien gainetik, danon arteko elkarbizitza sendotzeko egunak. Eskerrik beroenak Jai Batzordeari eta jaien antolaketan parte hartzen dozuen talde, elkarte eta lagun guztioi. Zuen lanari esker doguz jai hain parte hartzaile, herrikoi eta euskaldunak. Umeetatik adinekoetara, herritar guztiok ondo pasatzeko egitarau oparoa.Honelako egun alai eta herrikoietan ezin doguz ahaztu jaietan ezingo direnak egon: pertsona gaixoak, ezinduak, presoak, exiliatuak eta beste edozein arrazoigatik herritik urrun dagozenak. Geugaz izango doguz guztiak gure bihotzetan.Aukera ezin hobea euskara arloan ere beste pausotxo bat egiteko: “belarriprest” edo “ahobizi”, danon artean, jaiak euskeraz bizi!Igaro dagiguzan jaiak alaitasunean, elkartasunean, askatasunean eta berdintasunean. Eraso sexistarik EZ! LGTBIfobiarik EZ!"

JOSEBA VIVANCO RETES, ARTZINIEGAKO ALKATEA
"Jaietan ondo pasatzea bai ala bai da, baina jaietan ere EZ beti da EZ. Jaiak pertsona guztientzako dira, gogoratu ezazu Arteko Landako Herri Bazkarian edo Kuadrillen Afarian ondo pasatzen duzunean. Gogoratu kozinatzea, gauzak jasotzea edo gau osoa haurrak zaintzen ematea-hein batean, zaintza lana- guztion lana dela; eta jaietan ere bai ala bai guztiok gozatzeko lanak banatu behar direla. Pentsatu ez ezik egiten badugu, seguru guztiok ondo pasatzen dugula. Ondo pasatu alkohola, ordua, parranda, emakume eta gizonen arteko erlazio desberdintzaile eta errespetugabeen aitzakia izan gabe. Elkarrenganako errespetuan oinarritutako jaiak.Gure jaien aurretiko pare bat premisa dira, zeren egitarauaz gain jaien osagaiak norberak jartzen ditu - nire esker onena antolatzaile batzordeari emandako aurrerapausoagatik-.Ondo pasatzeko gogoak norbanakoan daude bai ala bai. Txupinazotik, jaien amaierako trakara. Parte hartzeko dozenaka ekintza, horrelakoak izan direlako, eta egun ere badirelako Artziniegako jaiak: parte hartzaileak. Hori barik ez dira jaiak, ez gara ezer. Balkoian elkar ikusiko gara… edo hobeto, kalejiran, erraldoiekin. Eta gogora ezazu, ondo pasatu bai ala bai; baina ez ahaztu jaietan ere EZ beti dela Ezetz!"

PEDRO MARI INTXAURRAGA, OROZKOKO ALKATEA
"Aurten be, heldu dira sanantolinak, eguneroko errutina alde batera itzi eta kalera urten prestatu deuskuezan ekitaldiak alaitasunez gozetako hainbeste itxaron doguzan egunak. Eta baita be gaur egun herrian bizi ez diran Orozkoko seme-alabak beraien sustraiak dagozan lekura itzultzeko egunak.Eskerrik asko ganerakoek ondo pasau ahal izateko lan egin daben pertsonei: jai egitaraua egiten hasi zan aurreko udalbatzari, eta baita be jai honeek posible egiteko lan egin daben udal langileei, gaur egungo zinegotziei eta talde, elkarte zein pertsona guztiei. Batez be Antolinzaleak Jai Batzordeko kide diran edo batzarretara joan diran pertsonei, honek arduratu baitira egitaraua antolatzeaz.Udala osatzen dogun pertsona guztien izenean, zuen pertsona maiteekaz batera jai zoriontsuak igarotzea opa deutsuet, ondo pasetan urten eta ahalik eta gehien gozau daizuen animetan zaituet. Jaia, jakina danez, dibertsinoa eta alkarbizitza da, baina hospitalidadea, tolerantzia, errespetua eta gizalegea kaleko nortasun-ikurrak izan daitezala"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide