Plazetara atera dira berriz

Erredakzioa 2019ko ira. 10a, 11:38

Plazetan daude berriz eskualdeko pentsionistak. Abuztuan  mobilizazioak egin zituzten Laudion eta Amurrion, bi herrietako jaiak zirela baliatuta. Astelehenero biltzeko asmoa dute orain, pentsio duinen aldeko aldarriari indarrez heltzeko prest. Lehen deialdia jakinarazi dute dagoeneko: mobilizazioa egingo dute irailaren 30ean.

Pentsionistak izan dira, mugimendu feministarekin batera, azken urteetan eskualdean mobilizazio jendetsuenak egin dituztenak. Ia bi urte igaro dituzte astelehenero Artziniega, Laudio, Amurrio eta Urduñan elkarretaratzeak egiten. Herenegun berriz bildu ziren plazetan, pentsio duin eta publikoen aldeko aldarriari berriz ere gogor ekiteko prest.

Uztailean egin zuten iragan ikasturteko azken mobilizazioa. “Manifestazioa egin genuen Urduñan, ehunka pentsionista batuta”, azaldu du Iñaki Barandiaranek. Udan bertan behera utzi dituzte astelehenetako zitak, baina ez dira geldirik egon. “Abuztuaren 13an Amurrioko jaietan mobilizatu ginen, 17an Laudiokoetan eta 19an Bilbokoetan”, gogorarazi du Pentsionistak Martxan taldeko kideak.

Ikasturte berria hasita, “tentsioa mantentzen” jarraitzea dute xede. “Kontsumorako Prezio Indizearen araberako igoerak lortu dira pentsioetan, baina borrokan jarraitu behar dugu. Espainian oraindik ez da gobernurik osatu, eta badirudi beste hauteskunde orokor batzuetara goazela, etorkizuna iluna da”.

Urriaren 30ean mobilizazioa
Gauzak hala, astelehenero mobilizatzeko erronkari eutsi diote pentsionistek, eta zita berezia jarri dute irailaren 30erako. “Urriaren 1a Nagusien Nazioarteko Eguna denez, manifestazioa egingo dugu bezperan”.

Bizkaiko pentsionisten plataformekin koordinatzen dira Aiaraldekoak. “Bilboko bileretara joaten gara gutako batzuk, eta eskualdera ekartzen ditugu gero bertan proposatzen direnak”.

Aldarria orain arteko berdina izango da aurrerantzean ere: gutxiengo pentsioa 1.080 eurokoa izatea. “Hala ere, gutxiengo soldatarekin -900 euro- berdintzea proposatu dugu, lehen pauso gisa”, zehaztu du Barandiaranek, “pentsioak mantendu egin behar ditugu, bai ala bai. Bere nagusiez arduratzen ez den herrialde bat itsu dago”.

Argazkiak: Roberto Arribas eta Txabi Alvarado Bañares
Erredakzioa: Txabi Alvaarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide