Nerbioi ibaian jazotako isurketek zeresan handia sortu dute azken urteetan. 2019ko irailean milaka arrain -8.000 inguru- agertu ziren hilik Amurrion. Gertakizun hori oso entzutetsua izan zen. URA agentziak laginak hartu zituen ikerketa abiatzeko, baina azkenean artxibatu egin zen kasua, ez zelako animalien heriotza eragin zuen isurketa nork egin zuen ebatzi.
Ordutik hona ugariak izan dira aditzera eman diren isurketa irregularren kasuak. Aiaraldea hedabideak horietako hainbaten berri eman du, eta herritar ugarik ere sare sozialak baliatu dituzte antzeko kasuak zabaltzeko. Udan gaiak berriz egin du salto plazara, URA agentziak odol-isurketak berehala etetea eskatu ziolako Laudioko Udal Hiltegiari. Horregatik, azpiegitura hori behin behinean ixtea erabaki zuen udalak.
Hala ere, hiltegiko inguruetan isurketa irregularrak ez dira eten, nahiz eta bere jarduera bertan behera geratu. Irailaren 14an kolorez aldatu zen ibaia puntu horretan, azpiegitura hilabete osoa baino gehiago itxita egon arren. Auzokide batek udaltzainei jakinarazi zien gertatutakoa eta poliziak txosten bat osatu zuen. Dena den, URAk azaldu du ez duela horren berri izan: "Guregana informazioa heltzeko prozedura oso zehatza da; 112 telefono zenbakira deitu behar da, bestela ez dago jasoko dugunaren bermerik".
Hamalau espedientetatik hiru ebatzi ditu URA agentziak, baina ez du enpresek izenik zabaldu nahi izan, “benetako arazoa” saneamendu orokorra egin gabe dagoela uste duelako
Berez, aipatutako kutsadura puntu hori errepikakorra izan da eta Aiaraldeak Hedabideak behin baino gehiagotan argitaratu ditu horri lotutako albisteak. Esaterako, iazko urrian bi isurketen argazki erreportajeak argitaratu zituen web orrialdean.
Gune horretan enpresa gehiago egonda ere, udal hiltegia da isurketa irregularrak egitegatik bere jarduera eten behar izan duen bakarra. URA agentziak 14 espediente ireki ditu 2017tik hona antzeko kasuengatik. 14 kasu horietako hiru behin betiko ebatzi dira, enpresek isurketa irregularrak egin zituztela frogatu delako. Zeintzuk dira hiru enpresa horiek? “Erakunde publiko eta pribatuak dira”, azaldu dute URA agentziako kideek, baina ez dute izenik eman nahi izan. Euren iritziz, “benetako arazoa” ez da erakunde zehatz batena: “Saneamendu orokorra oraindik egin gabe dagoela da problema, eta ez dela era profesional eta zorrotzean kudeatzen. Aiaraldea ez da eskualde txikia; industria jarduera nabarmena du; eta EAEko saneamendu orokor gabeko eskualde handiena da”.
Baimendutako isurketak
Isurketa irregularrei baimenduak daudenak gehitu behar zaizkie. URAren arabera, Aiaraldean 290 isurketa-puntu daude baimenduta. Hori “erabat arraroa” dela uste dute agentziako kideek. “Izan ere, uren kudeaketaren ikuspuntutik, araudiak aglomerazio urbanotzat jotzen du eskualdea, eta 290 horietatik gehienak, jada, saneamendu orokorraren sistemara -kolektoreetara- konektatuta egon beharko lukete, horien bitartez araztegira joan daitezen, eta tratatuak izan eta gero, isurketa bakarra -bana araztegiko- egin dadin”.
Araztegiak dira, hain zuzen, eskualdeko ibaien saneamendua bermatzeko azpiegiturarik funtsezkoena. Nerbioiko kolektoreetan 40 milioi inbertitzea onartu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak urte hasieran. Baina orain, bigarren hauteskunde orokorren atarian, oso nahasia dago egitasmo horren etorkizuna.
Espainiako gobernuaren PRTR erregistroan eskualdeko zortzi enpresek eginiko legezko isurketen datuak topatu daitezke. Hauek dira entitate horiek: Amurrio Ferrocarril y Equipos, Vidrala, Aceralava, Tubacex, Castinox, Jez, Nubiola eta Guardian
PRTR erregistroko datuak
Dena dela, badago eskualdeko enpresek egiten dituzten legezko isurketen gaineko informazioa topatzeko iturri bat: PRTR erregistroa. Enpresak derrigortuak daude erregistro horrek eskatzen duen informazioa ematera, baldin eta muga batzuk (815/2013 errege dekretuan zehazten direnak) gainditzen badituzte.
2017. urtekoak dira azken eguneraketak. Datu horien arabera, honako enpresa hauek isuri zituzten urte horretan substantzia kutsagarriak uretara: Amurrio Ferrocarril y Equipos, Vidrala, Aceralava, Tubacex, Castinox, Jez, Nubiola eta Guardian. URA agentziak zehaztu du hainbat neurri eskatzen dizkietela isurketa handienak egiteko baimenak dituzten erakundeei: “isurketen arteko loturak egin behar dituzte, kontrolak burutu behar dituzte eta kutsadura gutxitzeko neurriak hartu behar dituzte”.