[ERREPORTAJEA] Udazkena, mendi ibilaldi luzeen garaia

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 3a, 09:16
Mendi martxa ugari egongo dira eskualdean datozen bi hilabeteetan.

Aurki izango dira Okondo, Orozko, Urduña eta Laudioko mendi ibilaldiak. Gorobeleko proba, berriz, azaroaren 10ean izango da, Mendiko Lagunak taldeak adierazi duenez.

Perretxikoak biltzeko ez ezik, mendian ibiltzeko garai ederra da udazkena. Ondo dakite hori eskualdeko mendi taldeek. Horren adibide dira datozen asteetan eskualdeko gailurretan barrena egongo den ekitaldi andana.

Lasterka aritzeko Arrankudiaga-Zolloko VII. Traila jokatu zen iragan larunbatean, eta mendi korrikalariek azaroaren 10ean izango dute hurrengo zita nagusia: Urduñako mendi lasterketak. Hirugarren edizioa izango du Urduñako zitak, baina aurten nobedadeekin dator: ez da maratoirik izango, 29 eta 18 kilometrotako bina proba baizik. Ibilbide luzea hautatzen dutenek 1.700 metroko desnibelari egin beharko diote aurre, eta gainontzekoek 950 metrokoari. Anartz Gonzalezek aurreratu duenez, ibilbideetan zenbait egokitzapen gauzatu dituzte, Gorobel mendilerroak Mendiko Lagunaken zeharkaldia jasoko baitu egun berean (azaroaren 10ean).
 

Zazpi martxa egongo dira guztira, Arrankudiaga, Okondo, Artziniega, Orozko, Urduña, Laudio eta Amurrion



Okondo
Menditik oinez dabiltzanek, aldiz, hitzordu askoz gehiago izango dituzte udazkenean. Urriaren 5ean egingo da Okondoko ibilaldia. Ganekogorta mendi klubaren eskutik, 8:30etik aurrera herriko eta inguruetako tontorrak zeharkatuko dituzte. Arautegian zehaztu dutenez, 15 kilometroko zirkuitua izango da, frontoia izango duena abiapuntu eta helmuga. Bazkide zein federatuentzat 5€ balioko du txangoak, eta gainontzekoentzat 7€. Izen-ematea, ganekogortamk.blogspot.com helbidean egin behar da.  

Orozko eta Urduña
Biharamunean izango da Orozkoko zeharkaldia, Itxinape taldearen eskutik. XXXI. edizioa izango dute aurten, eta iraupen luzeko ekimenaren ezaugarria mantendu dute.

Hala, 26 kilometro izango ditu etapa motzak, 31 ertainak eta 41 handiak. 7:30ean abiatuko dira mendizale guztiak Zubiaur plazatik. Besteak beste, Oderiaga eta Austegarmin edota Ipargorta bezalako gailurrak igaroko dituzte. Zeharkaldi luzeena hautatzen dutenek, aldiz, Gorbeiako gurutzean arnasa hartzeko aukera izango dute.

Astebete beranduago iritsiko da Txarlazo mendi taldearen txanda, urriaren 13an. Urtero gisa, ibilbide berriak prestatu dituzte. Txango txikiak 12 km izango ditu, eta luzeak 27 km. 8:00etan aterako dira Foru plazatik oinez asko ibiltzea nahi dutenak, eta Artomaña, Somo, Alto del Corral zein Estuñaga ezagutuko dituzte. Martxa laburrera doazenek, berriz, Artomañanatik Untzagara joko dute, La Salvetik hirira itzultzeko.

Laudion, aldiz, urriaren 27an egingo dute "Laudio Ibarra" ibilaldiaren XXXIX. edizioa. 7:30ean abiatuko dira mendizaleak.

 

Urrian eta azaroan egingo dira ibilaldi guztiak. Irekita dago proba gehienetan izena emateko epea

 

Artziniega eta Amurrio
Hilabete beranduago izango dira Artziniega eta Amurrioko ekimenak. Azaroaren 9an Artziniegako mugen arteko bira antolatuko du Ganzorrotz mendi taldeak. Biharamunean, berriz, Gorobelen XXXIII. mendi ibilaldia ospatuko dute Amurrioko Mendiko Lagunak elkarteak gidatuta.  Ohi bezala, zirkuitu motza (11km), ertaina (25km) eta luzea (41km) egokituko dute mendilerroan barrena.

Zernahi gisaz, eskualdeko mendizaleek bestelako irteerak ere izango dituzte tontor berrietan egoteko. Izan ere, Matxinkorta taldeak zein Mendiko Lagunakek txango ugari iragarri dituzte udazkenerako ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide