Aste honetan ekingo zaio Arabako Txakolinaren uzta biltzeari, ohikoan baino astebete lehenago. “Mahastien ontze prozesua izugarri aurreratu da eguraldi eguzkitsu eta leunaren ondorioz”, aitortu du Jose Antonio Merinok, “egon diren eurite arinak oso onuragarriak izan dira landareentzat”. Euriteak oso modu “mailakatuan” egon direla azaldu du jatorrizko izendapenaren gerenteak, “mildiu gaixotasuna hedatzea ekidin du horrek”. Hala ere, botritis onddoaren agerpenarekiko beldurra daukatela gaineratu du Merinok, “euriteek datozen bi asteetan jarraitzen badute batez ere”.
Dena dela, aurtengo mahats bilketa “oso ona” izango delakoan dago amurrioarra, mahats aleak oso osasuntsuak izango direla eta iaz baino fruitu gehiago jasoko direla aurreikusten dutelako. Kalitatea ere “apartekoa” izango dela jakinarazi du gerenteak.