Baranbioko euskaldunen bazkaria, mahaiaren bueltan erdaldunik onartzen ez duen otordua

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 10a, 07:00
Bertsolariak egongo dira bazkalostean. / Baranbioko Administrazio Batzarra

Datorren urriaren 19an ospatuko da Baranbioko Euskal Jaiaren XXIII. edizioa, Garrastatxun. Arratsaldeko ekintzak guztiz irekiak izango dira, baina goizeko jardueretan eta eguerdiko bertso bazkarian ez da erdaldunik onartuko.

Euskararen aldeko jai eta egun ugari egiten dira Aiaraldean. Helburua euskara sustatzea den arren, sarritan erdarara jotzen dute ospakizun horietako parte hartzaileek, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutelako edota euren artean erdaldunen bat dagoelako.

Baranbioko Euskal Jaian, baina, ez dute arazo hori, goizean ez behintzat. “Goizeko egitaraua euskaldun zahar eta berrientzako da soilik, ez dugu erdaldunik onartzen”, nabarmendu dute Belaikiko kideek. 1998. urtean sortu zen elkarte hori, baina bi urte lehenago ekin zioten jaia antolatzeari, Baranbioko bizilagun batzuen artean. “Herrian badaude euskaldun zaharrak, Orozkotik eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik bertaratutakoak. Euren arteko topagune bat antolatzea izan zen helburua”.

Euskaldunen “arnasgune” bat sortzearen beharrak bultzatu zituen askorentzat drastikoa izan daitekeen erabakia hartzera: Erdaldunei sarrera ukatzea. “Talde batean erdaldun bat baldin badago segituan igarotzen gara gazteleraz hitz egitera. Horregatik iruditu zitzaigun berebiziko garrantzia zeukala soilik euskaldunentzako izango zen egun bat antolatzeak. Jai horretan euskaldunen arteko harreman batzuk sortzen dira gero egunerokoan mantendu egiten direnak”, nabarmendu dute antolatzaileek.



Aurtengo egitaraua
Horregatik da goizeko egitaraua euskaldunentzat soilik. Aurtengo egitarauak ohiko eskema jarraituko du: triki-poteoa egingo dute 14:00etan eta handik ordubetera hasiko da bazkaria. Bazkalosteak, aldiz, Sebastian Lizaso eta Oihane Iguaran bertsolariak arituko dira kantuan.
“Arratsaldean beste hainbat ekintza egingo ditugu; eta horiek bai, pertsona guztiei irekiak daude”, jakinarazi dute euskara elkarteko kideek.  18:30ean dantza-plazan aritzeko aukera egongo da Patxi Perezekin. 20:30ean, aldiz, erromeria egongo da, gauera arte.

“Oso barneratuta”
Bazkarian erdaldunak ez onartzeak urteetan ika-mika batzuk sortu izan dituela aitortu dute Belaikiko kideek. “Batzuetan esan diguten erdaldunak baztertzen ditugula, baina gu ere baztertuak sentitu gara askotan euskaldun moduan”, azaldu dute, “beste erdaldun batzuek esan digute bazkarira joaten uzten badiegu ez hitz egitera konprometituko direla, baina hitz egiten ez badute ez du zentzurik joateak”.

Hala ere, gaur  egun “oso barneratua” dago herritarren artean euskaldunak soilik onartzearen erabakia, Belaikiko kideen ustetan. “Erdaldunek ere oso argi dute goiz eta eguerdikoa euskaldunentzako jaia dela soilik. Oso gaizki ikusia dago bazkarian erdaraz hitz egitea”.

Euskalki propioa
Belaiki elkarteko kideek gogoratu dute Aiarako herriek euren euskalki propioa izan zutela. “Baranbion galdu ziren euskalki horren azken aztarnak. Horren gaineko informazioa lortu genuenean amorru handia eman zigun”. Horregatik dute bazkarian erdaldunak ez onartzearen irmotasuna, horrelako galerarik berriro gertatu ez dadin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide