"Faktoriara gerturatzen denak ikusiko du benetan nolakoa den Ibil Bedi"

Erredakzioa 2019ko urr. 9a, 07:00
Bost musikarik osatzen dute Ibil Bedi taldea. / Ibil Bedi

IBAI OSINAGA GOGORCENA (Iruñea, 1998) Ibil Bedi taldeko kidea da. Ostiralean (urriak 11) aurkeztuko dute euren lehen lana Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Arazo pertsonal eta unibertsalak bihurtu dituzte kantu, letraren araberako musika bilatuta.

Lehen diskoa aurkezten zabiltzate. Gustura emaitzarekin?

Bai, oso naturala iruditzen zait. Amets saxofonistak idatzi ditu letra batzuk, eta nik besteak. Berak esaldi batean laburtzen du: kantu batek ona izateko egia esan behar du. Ez du tranparik, eta hori oso naturala da. Gure abesti eta letrak oso egiazkoak dira, oso erreala da, nolabait. “Erreala” bezala definituko nuke diskoa, oso modu naturalean egina baitago.

Nolakoa izan da grabaketa prozesua?

Pistetan grabatu dugu, baina grabazioa oso bitxia izan zen, niretzat behintzat. Honen aurretik, Altxatu taldearekin 3 disko grabatu nituen eta modu tradizionalean osatu genituen: bateriak grabatuta lehenbizi, eta gero baxuak, kitarrak eta ahotsa. Oraingoan alderantziz izan da prozesua, eta soinuan nabaritzen da, ez da tipikoa. Jota estudioko arduradunak esan zigun alderantziz egiten saiatu nahi zuela, hasieran kitarra akustikoa eta ahotsa jaso nahi zituela, kantuaren muina atera eta hortik eraikitzeko gainontzekoa.

Zeri buruz hitz egiten dute letrek? Nola uztartzen dira musikarekin zentzu horretan?

Oso inportanteak dira letrak talde guztietan. Gure kasuan, gehienetan, musikaren aurretik sortuak izan dira. Horrek letrari garrantzia handiagoa ematen diolakoan nago. Ondorioz, testu bakoitza oso pertsonala da. Jendeak disko nahiko negatiboa dela esan digu, triste samarra. Letrak gure arazo pertsonalak dira. Horien bidez nahi izan dugu besteengan sentsazio bereziak sortu. Ama kantua, esaterako, nire letra da. Duela 2 urte hil zen nire ama, eta hiru egun pasata idatzi nuen abestia. Kasu honetan, ama bati maite duzula ez esatearen sentsazioa deskribatzen du.

Horrek, adibidez, jende askori mugitzen dio barrena, denok dugulako norbait hil dena zenbat maite dugun esan izan gabe, arazo oso unibertsala da. Musikarekin uztartzea ondoren etorri da gure sorkuntza prozesuan. Horregatik, esanahiaren arabera aukeratu dugu musika mota.

Arazo personal eta unibertsalak ardatz izanik, nola lortu duzue batasuna diskoan?

Ez da bilatua izan. Nire amaren heriotzak aldatu egin ninduen, lehen idazten nuenarekin konparatuta. Ametsen kasuan beste arazo batzuk egon dira, baina dena egon da lotuta galerekin. Disko osoan zehar islatzen da galerek nola baldintzatzen duten gure bizitza, horri nola aurre egin, horrek zer dakarren…

Faktoriara ostiralean gerturatzen denak, zer ikusiko du? Nola definituko zenuke zuen zuzenekoa?

Gure kantuak zuzenean entzuteko eginak daude. Ezberdina da kontzertu batek uzten dizun sentsazioa, edo diskoarena. Benetazko abestiak kontzertuetan daude, nire ustez. Faktoriara gerturatzen denak ikusiko du benetan nolakoa den Ibil Bedi. Diskoa kantu horien bigarren interpretazioa dira, lehenengoa kontzertuetan dago. Orain arte izandako emanaldietan giroa oso familiarra izan da, eta kantuak azaltzeko aukera eman digu horrek.

Aurrera begira, nolako bilakaera gustatuko litzaizueke izatea taldeak?

Disko guztiak izan beharko lukete momentuaren isladapena. Ingalaterrako punk diskoek garaian gertatutakoa erakusten dute. Gure kasuan, gertatu zaizkigun gauzen inguruko abestiak egin ditugu. Hori da gure ideia, bizitakoa islatzea. Abesti berriak egiten ari gara orain, eta urte bukaeran zerbait berria ateratzea nahiko genuke, nahiz eta ez dakigun denboraz nola arituko garen. Litekeena da, hala ere, abesti horietako bat Laudion estreinatzea, eta hori izan daiteke doazenentzat sorpresa txikia.

Hori bai, momentuko gauzak eta musika estilo ezberdinak izatea nahiko genuke, gure estiloa hau izateak ez du esan nahi horretan segituko dugunik. Gure musika letraren araberakoa izanen da, hori da gure filosofia.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide