Gaur 13:00etan abiatu dute Aiarako Kuadrillako presidentea hautatzeko prozedura. Antzinako ohitura jarraiki, Saraubeko mahaian ekin diote zeremoniari.
Lehenik eta behin, Aiarako Kuadrillako ordezkari guztiak -eskualdeko herri arabarretako hainbat alkate eta zinegotziak- deitu dituzte eta gero bozkatu dute, banan-banan. Horren ostean, bozak zenbatu dituzte eta Encina Castresana jeltzale artziniegarrarena izan da babes gehien lortu duen hautagaitza.
Bigarren hautagairik bozkatuena Iñaki Ibarluzea EH Bilduko kidea izan da eta presidenteordea izango da. Talde independenteek Sergio Tatoren alde egin dute.
Presidenteak adierazi du oso pozik dagoela ardura berriekin. Encina Castresanak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dio tarte bat beharko duela bere betebehar berriak finkatzeko, eta erronka nagusien artean hondakin solidoen kudeaketa aipatu du.
Aiarako Kuadrillako alkateek eta zinegotziek ez ezik, Arabako zenbait ordezkari politikok parte hartu dute ekitaldian, Iñaki Oyarzabal popularra, besteak beste. Arabako Foru Aldundiko zenbait arduradun ere egon dira, Aiarakoa izan baita presidentea hautatu duen herrialdeko azken kuadrilla.