2.082 istripu eta 16 hildako egon dira eskualdeko errepideetan azken 10 urteetan

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 26a, 09:00

Atxetan gertatutako istripu baten irudia. / Aiaraldea.eus

2000. urtetik hona eskualdean gertatutako trafiko istripuei buruzko datuak topatu daitezke Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafikoa.eus atarian. Informazio hori aztertuta hainbat ondorio interesgarri atera daitezke Aiaraldeko errepideetan gertatzen diren ezbeharren inguruan.

2.082 trafiko istripu gertatu dira eskualdean azken hamar urteetan (2009. eta 2018. urteen artean, alegia). Ezbehar horiek 16 hildako eragin dituzte, eta 93 zauritu larri.

Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuak kontsultatuta atera daitekeen ondorio nagusia. 2000tik gaur egunera arteko datuak jasotzen ditu Trafikoa.eus atariak, udalerritan banatuta. Aiaraldeko bederatzi udalerrien datuak bilduta, ondorio interesgarri batzuk atera daitezke eskualdeko trafikoaren egoerari buruz.

Beheranzko bilakaera
Herri guztietako datuak behatuta, ondorio nagusi bat atera daiteke: azken bi hamarkadetan nabarmen jaitsi da trafiko istripu kopurua. Amurrion 2000. urtean mota horretako 150 ezbehar jazo ziren, baina 2005ean ehun baino gutxiago izan ziren (99) eta ordutik hona istripuek ez dute ehuneko langa hori berriz gainditu.

Zauritu kopuruari edota hildakoei dagokionez, baina, ez da beherazko (eta goranzko) joera nabarmenik sumatzen. Hildako kopurua oso aldakorra da urte batetik bestera: 2009an bi hildako egon ziren eskualdean, 2010ean 4, 2011n berriz 1, 2012an bat ere ez, 2013an lau, 2014an eta 2015ean bana, 2016an bi, 2017an bat ere ez eta iaz bat.   



Istripu gehien, Amurrion
Datuei  erreparatuta, beste ondorio esanguratsu bat atera daiteke: Amurrio da istripu kasuen kopuru handiena duen udalerria. Iaz 68 ezbehar egon ziren herrian. Orozko izan zen bigarrena zerrendan, 51 kasurekin; eta Aiara, aldiz, hirugarrena, 39 talkarekin. Laudion 24 baino ez ziren gertatu.

Ezbehar asko Amurrion izatea ez da kasualitatea, udalerri horretan baitago Saratxoko errepidea.  Hori da eskualdeko errepide arriskutsuena, Autoeskola Amurrioko Alberto Eguiaren iritziz. “Istripu larri pilo bat ikusi ditugu bertan azken urteetan. Errepide honen lanak uda honetan hasi dira. Ea hemendik aurrera bide horrek gidarioi arazo gutxiago sortzen dizkigun”.

Segurtasun Sailaren datuak ikusita beste ondorio interesgarri batzuk ere atera daitezke. Oro har, biktimarik gabeko istripuak dira nagusi, larritasun gutxikoak. Horrez gain, zauritutako pertsonak ibilgailuetako gidari edo bidaiariak dira ia beti; oinezkoek oso gutxitan hartzen dute mina. Azken hamar urteetan lau oinezko baino ez dira zauritu eskualdean trafiko istripuetan, eta oinezko bakarra hil da: 2009an Okondon (harrapaketak ez dira kontuan hartzen datu honen neurketan).



Istripuen arrazoiak
Istripuak eragiten dituzten faktoreez galdetuta, bi aipatu ditu Eguiak: abiadura eta gidariaren adina. “Askotan errepidearen egoerari edo ibilgailuari botatzen diegu errua baina gehienetan gizakiok dugu ardura”. Gauza bat argi du Eguiak: “ Seinaleen aginduak eta abiadura errespetatzen baditugu ez dugu inolako arazorik izango, istripuak ia desagertuko liratezke”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide