10 galdera laburreko testa erantzutea. Hori da “Egunean behin” jolasaren funtsa. Euskara hutsezko aplikazioaren bidez kultura, kirola, historia, geografia, matematika… ikasteko tresna berria dute eskura Iphone edota Androideko erabiltzaileek. Gehienez bost minutu balia daitezke partida bakoitzerako, eta hiru erantzunen artean zuzena aukeratzean datza.
Finean, partida osatzeko erabilitako denbora eta erantzun zuzenen arabera, puntuazioa ematen du programak. Udaberrian sareratu zuen jolasa CodeSyntaxek, eta gaur-gaurkoz 25.000 lagun ari dira egunero euren partida jokatzen.
Mugikorren garapenak ikertzeko helburuarekin sortu zuten aplikazioa, Urtzi Odriozola enpresako langilearen esanetan. “Aurretik Tribial jokoa egin genuen, eta buelta bat emanda sortu genuen Egunean Behin”. Modu horretan, batak bestearen aurka jokatu ordez, komunitatea saretzea planteatu zuten. “Tribialetan galderak errepikatu ohi dira. Egunean behin partida bat egiteko zerbait bilatzen genuen, eta hortik dator izena”. Baita arrakastaren gakoa ere: “Jendeari ez zaio ahazten. Gainera, 20:00etan ez baduzu programa ireki, notifikazioa iristen zaizu telefonora”. Horrez gain, taldeak eratu daitezke, eta lagun arteko sailkapen propioak sortu daitezke horri esker. Etengabe eguneratzen da ranking orokorra, partaideek partida jokatu ahala.
Udako oporraldia baliatu dute sari eta babesle berriak eskuratzeko, adierazi duenez. Izan ere, astero sailkapen orokorreko lehenbiziko erabiltzaileak eskaintza berezia jasotzen du, eta zozketa bidez beste pertsona batek ere. Orain, zuzeneko final berezi bat prestatzen ari dira, aurreratu duenez: “200 lagunentzako sarrera egongo da Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Sailkapen orokorrean goren doazenek jokatuko dute bertan zuzenean”.
Taldeak sortzeko parada baliatuta, “Aiaraldea” izenekoa sortu zuten eskualdeko erabiltzaileek. Bertan parte hartzeko kodea 4F2DF1 da
Sare lan handia
Astero ia 100.000 partida jokatzen dira; baina nola da posible horrenbesteko galderak sortzea? “Astetik astera erabiltzaile kopurua igotzen ari da, ahoz aho ari da zabaltzen ekimena. Euskara hutsezko galdera-erantzun jokoa izanik, izugarria da 20.000 lagun egotea egunero jolasten”, dio Odriozolak. Wikipedia erabiltzen dute, besteak beste, testak sortzeko, “algoritmo bidez sortzen ditugu jokalarientzako galderak, esaldi edo galdera mota ezberdinen bidez”.
Modu horretan prestatuta daude 50.000 galderatik gora: “Argazkiak Panoramio webgunetik aterata daude, eta biografia datuak Wikipediatik. Hemengo erreferenteak zabaltzeko pentsatua dago aplikazioa, herrigintzari eman diogu indarra. Galdera erauzketa automatikoa da”.
Horrenbeste jende batzeak, baina, garapenari eta zerbitzariari oso adi egon beharra eragin die: “Lan handia dago atzean. Erantzunetan, esaterako, ausazko bilaketa egiten dugu, emaitza zuzenaz gain erantzun oker nahiko posible bat jartzeko, eta beste bat oso urruna. Geografia galderetan, X kilometroko distantziako herriak daude jasota, programak zoriz bat aukeratzeko”. Horrelako trikimailuek osatzen dute jokoa.
Aiaraldeko taldea
Taldeak sortzeko parada baliatuta, “Aiaraldea” izenekoa sortu zuten eskualdeko erabiltzaileek. Bertan parte hartzeko kodea 4F2DF1 da. Aukerak mahaigainean jarrita, ausartuko al dira aiaraldearrak euren ezagutza neurtzen eta handitzen?